Omenaldi sentikorra egin diote gaur Lizartzako baserrian Celes Alvarez zenari. Duela hiru aste, Jose Miguel Etxeberria Alvarez «Naparra» semearen bila bere bizitzako azken 38 urteak eman ostean, Iruñean zendu zen Celes.
2006. urtean hil zen arte, ahalegin horretan buru-belarri ibili zen ere Patxi Etxeberria, «Naparra»ren aita eta Celes Alvarezen senarra, eta hauxe izan da gaurko ekitaldiaren esanahi nagusia, «Naparra» gogoan hartzen duen oroitarrian une batez hiruak elkartu baitira berriz: oraindik desagerturik den semea eta jada azken hatsa eman duten bi gurasoak.
Urtero, ekaina aldera, «Naparra» gogoratzeko egiten den omenaldia hartzen duen toki berean burutu da agur ekitaldia, familiako baserriaren ondoan hain zuzen ere. Bertan oroitarria eraikia dago aspaldi, Jose Miguel semea eta Patxi aita elkarrekin ageri diren argazkia duena. Gaurkoan Celesen irudiak ere kokatu dira ondoan, lore sorta ugarirekin batera.