naiz
Eibar

Hirugarren puntua poltsikoratu dute Artolak eta Mariezkurrenak (17-22)

Partida serioa osatu dute Artolak eta Mariezkurrenak eta 22-17 gailendu zaizkie Altuna eta Martijari. Azken hauek ohi baino okerrago aritu dira. Garaipen honekin, Asegarceko bikotea sailkapenaren goiko aldean sartu da.

Artola izan da onena Astelenan. (FOKU)
Artola izan da onena Astelenan. (FOKU)

Iñaki Artolak joko bolada bikainean jarraitzen du. Eta gaur ere erakutsi du Eibarko Astelena pilotalekuan. Jon Mariezkurrenarekin batera, txapelketako hirugarren puntua eskuratu du eta Altuna eta Martijari aurre hartu diete sailkapenean.

Buruz buruko txapeldunak bikain ekin dio partidari, eta bi pareta birritan erabiliz aurretik hasi dira. 4-1. Baina Artola jokoan sartzearekin batera, gorriak kamusten hasi dira. Martija bera ere ohi baino galtzaileago agertu da eta normalean huts egiten ez dituen pilotak bota egin ditu. Atzeko koadroetan lan karga handia izan du Etxeberriko atzelariak eta azken fasean sumatu egin du. Partida erdira 7-12 iritsi dira aurretik urdinak.

Aurrean Mariezkurrena jotzailea izan du eta Berriozarrekoak partida ona osatu du gaur ere. Alde nagusia, baina aurreko koadroetan egon da. Artolak asmatzen zuen bitartean, Altunari asko kosta egin zaio. Pilota egokiagoak ere izan ditu Alegiakoak Amezketakoak baino.

Esnatu egin dira, baina, gorriak eta 14-15eraino eraman dute markagailua. Hortik aurrera, ordea, ez dute asmatu eta Artolak, aldiz, bai. Zuzenean joan dira Asegarcekoak 21. tantoraino. Azken pizkunde bat izan du Altunak, beste bi pareta eder batekin, baina Martijak pilota garbi bat galdu duenean amaitu da borroka. 17-22.