naiz

Arropaz jositako 13 kamioi bidali ditu Zaporeak proiektuak Europa eta Siriako errefuxiatu guneetara

Euskal Herriko hiriburu eta hainbat herrietan ‘Jantzi Negua’ neguko arropa bilketa kanpaina burutu du Zaporeak Proiektuak eta «aurreikuspen guztiak gaindituta» 13 kamioi bete dituzte. Arropa Lesboseko Attika eta Chioseko guneetara eta baita Calais eta Siriara ere bideratu dituzte. Bestetik, Lesbosen laster jarriko dute sukaldea martxan.

Calaiseko errefuxiatu gunera iritsi zen kamioia. (ZAPOREAK)
Calaiseko errefuxiatu gunera iritsi zen kamioia. (ZAPOREAK)

Azken hilabetean zehar 13 kamioi irten dira Euskal Herriko lau hiriburuetatik errefuxiatu gune ezberdinetara bidean, arropaz josita, Zaporak proiektuaren bilketari esker. Gaur irten da azkena Donostiatik eta Siria du jomuga. Hasiera batean, Lesboseko Attika eta Chioseko guneetara arropa bideratzea zen asmoa, baina kopurua ikusita Calais eta Siriara ere bidaltzea erabaki zuten, arropa jasoko zuten pertsona errefuxiatuen kopurua zabaldu eta handituz.

Azaroak 17an Euskal Herriko hiriburu eta hainbat herrietan ‘Jantzi Negua’ neguko arropa bilketa kanpaina burutu zuen Zaporeak Proiektuak. Guztira, 35 bilgune izan ziren Hego Euskal Herriko lau probintzietan zehar, boluntario sare zabal bati esker. Jendartearen erantzuna, Zaporeak Proiektuaren hitzetan, «ikusgarria eta bikaina» izan zen.

Herri eta hirietan boluntarioen lana «ezinbestekoa» izan dela azpimarratu dute. «Horien laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke kanpaina gauzatzea». Hori dela-eta, kanpaina posible egin duten norbanako, boluntario eta elkarte guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Zaporeak Proiektuak.

Aurreikuspen guztiak aise gainditu zituen kanpainak eta bildutako guztia garraiatzeak gainkostu bat ere suposatu du. Jakinarazi dutenez, horri aurre egiteko jendarte eta erakundeei laguntza eskatu zitzaien. Guztira 74.087€ bildu dira, horietatik 25.500€ Donostiako Udalak eman ditu, 5.100€ Gipuzkoako Batzar Nagusiek, 10.200€ Argiñano familiak eta gainontzekoa elkarte eta norbanakoek egindako ekarpenak izan dira.

«Bildutakoarekin arropa guztiaren bidalketari aurre egitea lortu da, bidalketa bakoitzak 4.000€ eta 6.000€ bitarteko kostua izan du, errepidez eta itsasoz bidaltzearen arabera aldatzen zen prezioa», gaineratu dute.

Lesboseko sukaldea, itxura hartzen

‘Jantzi Negua’ kanpaina ixten aritzeaz gain, Zaporeak Proiektuak bere lanean aurrera jarraitu du. Behin sukaldea jasoko zuen lokala alokatuta, hura atontzen eta sukaldea montatzen aritu da boluntario taldea. Lan horretarako espreski hiru boluntario joan ziren azaro amaieran. «Sukaldea prest dago, egin beharreko lanak eginda orain kozinatzen hasteko baimenak lortzeko beharrezkoak diren azterketak gainditzea da hurrengo urratsa», azaldu dute. Horrekin batera, Lesboseko agintariekin janaria nori eta nola banatu eta boluntariotza programak zehaztea dira orain Zaporeak Proiektuak esku artean dituen lanak.