Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Euskal Elkargoak eskuduntza berriak garatuko ditu 2019an

Euskal Elkargoak hogei eskuduntza berri garatuko ditu heldu den urtean. 2018ko bere azkeneko osoko bilkuran harturiko erabakiaren bidez herritarren eguneroko bizitzari eragiten dioten «eremu nagusietan» politika publikoak garatzeko hautua egin zuen Iparraldeko erakundeak. Hartara, erakundeak erabaki aitzindaria hartu zuen herriko laborantza ardatz hartuko duen «lurraldeari begirako elikadura egitasmoa» plantan emateko engaiamendua hartuz.

Baionako Unibertsitateko anfiteatroan eginiko bileran hiru lurraldeetako 220 hautetsik hartu zuten parte. 2017ko urtarrilean sortu zenetik erabilitako lan moldeari jarraikiz, adostasun maila handia erakutsi zuen Iparraldeko erakundeak bere eskuduntza egitasmoari buruz behin-behineko erabakia hartzeko balio izan zuen bilkuran.

Frantses legeari so eginez gero, Euskal Elkargoak bi urteko epea bazuen bere ekimen eremuari buruz deliberoa hartzeko. Izan ere, epemugara heldu aitzin, Iparraldeko erakundeak «lurraldearen anbizioa» erakutsi nahi duen garapen egitasmoa onartu zuen abenduaren 15eko kontseiluan.

Hartara, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bere baitan hartzen dituen administrazio egiturak 21 eskuduntza berri hartuko ditu bere gain. Berez, legeak hiru eskuduntza mota aurreikusten ditu herriarteko hiriguneen kasuan: oinarrizkoak, hautazkoak eta lurralde garapenari lotutako eskuduntzak. Eskema horren baitan, lurraldearen zein erakundearen beraren «berezitasuna» aldarrikatzeko apustua egin du elkargoak.

Ildo beretik, Hexagono mailan guztiz ezohikoa izanen den eskuduntza maila garatzeko nahikeria agertu du Jean-Rene Etchegaray buru duen egiturak. Hartara, laborantzari buruzko higiezin politika bere gain hartzea deliberatu du erakundeak.

Lur espekulazioa saihestu

Etxebizitza alorrean erabili zuen molde bera baliatuko du erakundeak nekazaritzako lurren galerari aurre egiteko. EPLF egituraren bidez lurzorua eskuratzeko erabakia hartu zuen dagoeneko elkargoak etxebizitza sozialak garatzeko xedez. Laborantzaren kasuan, aipaturiko bulego publikoarekin batera lan eginen du –baita Lurzaindia elkartearekin ere– nekazaritzako lurrak atxikiaz bertako laborantzaren etorkizuna kolokan jartzen duen espekulazioaren arazo larriari aurre egiteko.

Laborantzari buruzko eskuduntza hartzearekin batera «trantsizio energetikoa eta ekologikoaren» alde lan egiteko anbizioa erakutsi zuen Euskal Elkargoak. Bere asmoak egikaritzeko «neurri zehatzak garatzeko beharra» aldarrikatu zuen bilkuran Iker Elizaldek, Hendaiako auzapezorde abertzaleak. Martine Bisauta Baionako hautetsi berdearen ustez, laborantzari buruzko eskuduntza integrala hartuz, «Euskal Elkargoak herritarren elikadura zaintza bere gain hartuko du».

Hurbileko kontsumo zirkuituak eta ekoizpen ekologikoaren aldeko neurriak aldarrikatzearekin batera, Bisautaren ustez «elikagaien xahuketari aurre egiteko plana mahai gainean jartzea ezinbestekoa da eta horrendako saltoki handien arduradunak inplikatuko dituen eztabaida ekonomikoa eman behar da». Eredua aldatzeko konpromisoarekin bat eginez, «eraikina osatu dugu baina barruko antolamendua dugu zain», esan zuen Etchegarayk.

Hain zuzen, eskuduntza maila emendatu ostean Euskal Elkargoak lan eremu horietan zer politika publiko garatuko dituen zehaztu behar du. 2019ko otsailaren 2ko kontseiluan aurkeztu behar luke egitasmo orokorra.