NAIZ
DONOSTIA

Olatz Arrieta kazetariak irekiko du txotx denboraldia Astigarragan

Olatz Arrieta EiTBko kazetariak zabalduko du heldu den urtarrilaren 16an 2019ko txotx denboraldia Astigarragan, Gartziategi sagardotegian.

Txotx denboraldia urtarrilaren 16an hasiko da Astigarragan.
Txotx denboraldia urtarrilaren 16an hasiko da Astigarragan.

Sagardoaren Lurraldeak datorren urtarrilaren 16an irekiko du 2019ko txotx denboraldia eta sagardoaren uzta aurkeztuko du. Denboraldiari hasiera emateko Olatz Arrieta EiTBko kazetaria gonbidatu dute, Gartziategi sagardotegira. Bruselako berriemailea da Arrieta.

Sagardo Berriaren Eguna 12.00etan hasiko da, Sagardoetxean egingo den aurkezpen ekitaldiarekin; bertan izango dira Zorione Etxezarraga Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko lehendakaria eta Lakua nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Uzta berria aurkeztu eta sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri emango dute, sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenekin batera.¡

Jarraian, 12.45ean, Sagardoetxeako sagastian sagarrondo berri bat landatuko du Olatz Arrietak. «Ekitaldi sinboliko horrekin, naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira, urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertzeko aukera eskaintzen baitigu», adierazi dute Sagardoaren Lurraldeko arduradunek.

Ondoren, 13.45ean, ekitaldiko unerik garrantzitsuena hasiko da, txotx irekiera hain zuzen ere. Astigarragako Gartziategi sagardotegian, «Hemen da gure Sagardo Berria» oihu eginda lehen kupela irekiko du kazetariak, eta horrela, 2019ko sagardo denboraldi berriari hasiera emango dio.

Iaz Alberto Iñurrategi mendizale aretxabaletarrari egokitu zitzaion txotx denboraldia irekitzea.