NAIZ

Miguel Gallastegi pilotari txapeldun handia hil da

100 urterekin hil da Miguel Gallastegi Ariznabarreta eibartarra. Hiru aldiz irabazi zuen buruz burukoa, 1948an Atano III.aren aurka eta 50 eta 51n Akarregiren aurka. 

Miguel Gallastegi 2014an GARAri eskainitako elkarrizketan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Miguel Gallastegi 2014an GARAri eskainitako elkarrizketan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Gaur hil da Miguel Gallastegi pilotari txapeldun handia. 40. hamarkadan punta-puntako pilotaria izan zen eibartarra. Hiru buruz buruko txapel irabazi zituen.

1941ean binakako finalean izan zen Txikito de Iraetarekin, Onaindia eta Urzelai II.ak osatutako bikoteak eraman zuen orduan txapela. Hamarkada horren amaieran iritsi zen Gallastegiren urrezko tartea. 1948an Atano III.aren aurka lortu zuen buruz buruko lehen txapela Bergaran jokatu zen finalean (22-6). Bi urte beranduago Eibarko Astelenan Akarregiren aurka lortu zuen bigarren txapela eta aurkari berberaren aurka hurrengo urtean, 51n, hirugarrena.

1953an ere finalera iritsi zen, Barberito zuen orduan aurkari baina Gallastegik jokatzeari uko egin zion, antolatzaileekin eta federazioarekin izandako ez adostasunak tarteko. 

(Ezkerreko irudian Atano III.arekin 1942an. Wikipedia)