naiz

‘Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!’ lelopean, martxoaren 8ko greba feministarekin bat egin du LABek

250 emakume elkartu dira Donostiako Eureka Museoan LABen emakumeen batzarrean. Bertan, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin.

250 emakume elkartu dira Donostiako Eureka Museoan LABen emakumeen batzarrean. (Andoni CANELLADA / FOKU)
250 emakume elkartu dira Donostiako Eureka Museoan LABen emakumeen batzarrean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Martxoaren 8rako Euskal Herriko Mugimendu Femnistak eginiko greba deialdiarekin bat egiten du LAB sindikatuak eta ‘Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!’ lelopean greba feministara deitu ditu emakume langileak. «Greba feministaz ari garenean, sistema kapitalista–heteropatriarkala auzitan jarriko duen grebaz ari gara. Emakumeok bazterketa estrukturala pairatzen dugu eta sistema honek ustiatzen, zapaltzen, gaixotzen eta hiltzen gaitu».

Emakumeon kontrako indarkeria matxistak ez du etenik, eta ez dago berme nahikorik, ez legalik, instituzionalik, ez judizialik emakumeok pairatzen dugun egoera honekin amaitzeko. Gainera, emakumeoi bereziki eragiten digun bizitzaren prekarizazio prozesuak ere ez du etenik.

Feminismoak azken urteetan hartu duen indarra  eta honen aurrean sortutako erantzuna izan ditu hizpide Garbiñe Aranburuk. «Borroka hori asimilatu eta indargabetzeko helburuz, zeharkako eta zuzeneko bideak darabiltza. Gure diskurtso, salaketa eta aldarrikapenak bereganatu nahi ditu, edukiz hustu. Kapitala morez jantzi da, gure borroka asimilatu eta indargabetzeko helburuz».

Horren aurrean «urrats bat gehiago» emateko martxoaren 8ko greba baliatu behar dutela azpimarratu du. Aurtengo grebarekin batez ere, zaintza eta aitortu gabeko lanak jarri nahi dira erdigunean. «Era berean, LABek generoaren araberako lanaren banaketak lan munduan emakumeongan sortzen dituen diskriminazio eta zapalketa egoerak ikusarazi nahi ditu».

Zentzu horretan instituzioak ere interpelatuko dituzte. «Lana, familia eta bizitza pertsonalaren kontziliaziorako ez dago ez neurri egokirik, ez neurri nahikorik. Ezta korrespontsabilitatea posible egingo duen neurririk ere». Honen aurreko erantzun bat aldarrikatu du. «Honi guztiari buelta emateko balio ez duten berdintasun plan hutsalak aurkezten dizkigute enpresatan, porrota diren berdintasun planak».