NAIZ
DONOSTIA

Sakabanaketa politikak urteko bigarren istripua eragin duela salatu du Etxeratek

Jesus Mari Etxeberria preso errenteriarraren anaiak eta lagun batek istripua izan zuten iragan ostiralean, Euskal Herritik 1.050 kilometrora dagoen Puerto III espetxera bidean, Sevilla inguruan. Onik atera ziren eta bidaiarekin jarraitzeko aukera izan zuten. Etxeratek elkarretaratzeak deitu dute. 

Ohar bidez Etxeratek azaldu duenez, Sevillara iristeko 50 kilometro falta zitzaizkiela, A66 autobidean, arratsaldeko 20.00ak aldera izan zuten ezbeharra, aurrez gertatu zen beste istripu baten eraginez geldirik zeuden bi kotxe aurrez aurre topatu zituztenean. 

Jesus Mari Etxeberriaren anaiak eta lagunak errepide erdian zegoen autoa saihestea lortu zuten, baina eskubian geldirik zegoen beste bat kolpatu zuten. Onik atera ziren biak, baina arriskua ere pasa zuten ondorengo uneetan, kotxea bultzaka atera behar izan baitzuten errepidetik, autobidean trafiko handia zegoen momentu batean. 

Bidaiarekin jarraitzeko aukera izan zuten eta hurrengo egunean bisita egitea lortu zuten, Etxeratek gaineratu duenez. 

Urteko bigarren istripu honen ondoren, Etxeratek berriro salatu du egungo espetxe politika mantentzea, «euskal preso politikoen senide eta lagunak euren biziak arriskuan jartzera behartzen baititu haien senide eta lagun presoa ikusi ahal izateko». 

Ondorioak larriagoak izan daitezkeela ohartarazi ondoren, Etxeratek galdetu du «nori egiten dion mesede dispertsioak eragiten duen oinazeak». 

Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte Iruñean (gaur, 20.00etan, Gobernu Zibilaren aurrean), Bilbon (bihar, 19.30ean, Arriaga plazan), Gasteizen (asteazkenean, 19.00etan, Ama Zuriaren plazan) eta Donostian (asteazkenean, 19.00etan, Bulebarrean).