Haritz LARRAÑAGA

Biarritzen jaso zuen azken agurra Oier Gomez Mielgok

Preso eta iheslari ohiak, ezker abertzaleko ordezkariak eta Oier Gomezi azken agurra ematera gerturatu zen jende andana bildu zen Biarrizko gorpu-erraustegian. «Gudari guztiak gogoan» eta «preso daudenak ahaztu gabe», Gomezen heriotza ez dela «naturala izan» salatu zuten Lapurdin egin zuten memoria ekitaldian.

Eguraldi hotza, grisa eta tristea egiten zuen atzo Biarritzen. Horixe zen giroa Biarrizko aireportu aitzinean den gorpu-erraustegiaren atarian. Euskal Herri osotik gerturatutako 200 lagun bildu ziren. Aurpegi zurbilak, lagun arteko besarkadak, eta negargurak eragindako begi gorrituak ziren nagusi Oier Gomez Mielgori azken agurra ematera gerturatu ziren lagunen artean.

Goizeko 11.30ean atera zuten ehorztetxeko autotik amnistiaren bandera gainean zuen Gomezen hilkutxa. Isiltasuna gailendu zen une horretan. Zeremonia-gelara bidean, ikurrinekin eraikitako pasillo bat osatu zen eta jendeak ukabila jasotzen zuen hilotzaren aitzinean. Hilkutxaren gibelean, senideak eta lagunak abiatu ziren.

Ordezkaritza zabala

Ipar Euskal Herriko erakundeetako bozeramaileak, ezker abertzaleko ordezkari ezagunak zein presoen inguruan lan egiten duten elkarteetako kide ugari zegoen jendartean, baina batez ere preso eta iheslari ohiak bildu ziren Biarritzen.

Bertaratuen artean Sylviane Alaux aurkitzen zen, Alderdi Sozialistako kide (PS) eta Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatu ohia. Alauxek 2017ko martxoaren 22an ezagutu zuen Gomez, Pitie Salpetriere espetxeko erietxean, Cecile Duflot diputatu ekologistarekin batera, preso gasteiztarra bisitatzera joan zenean. Hilabete geroago atera zen Gomez kalera, baldintzapeko askatasunean.

Ekitaldi hunkigarria

«Furgoneta ireki eta argazkietatik baino ezagutzen ez nuen pertsona, irri batekin ikusi nuen». Horrela oroitu zuen hitza hartu zuen Baionako lagun batek «espetxetik atera ostean Euskal Herrira itzuli zen unea». Besteak beste, Gomezen izaera «zirikatzailea», elkarrekin bizitako pasarteak eta bere «jakin-min eta parte hartu nahia» azpimarratu zituen lagun gazteak.

Zurezko hilkutxaren alde batean, Gomezen argazkia eta “Agur eta ohore” zioen afixa. Beste aldean, hitza hartu zuten lagunek erabili zuten atrila. Handik mintzatu ziren, hotsa urraturik eta negar malkoei ezin eutsirik, gertuko bi neska. «Sei hilabeteko bizia eman zizuten, baina pixka bat luzatu zenuen, guretzat kristoren oparia izan zen», nabarmendu zuten.

Jarraian, Gomezen bizia iruditan agertzen zuen bideo labur bat eskaini zuten eta azkenik, hirugarren lagun batek hartu zuen hitza. «Nekez banan daitezke Oierren eritasuna, heriotza eta kartzela, nekez zuritu daitezke ardura politikoak», denuntziatu zuen azken hizlariak.

Dantzariek aurreskua egin ostean, jende guztia zutik jarri zen eta “Eusko Gudariak” abestu zuten. Ordezkari desberdinek eta lagunek azken loreak eskaini ostean amaitu zen agur ekitaldia.

Atzokoa ez zen izan Gomezek jasoko duen azken agurra. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko Harrerak ekitaldia egingo du bihar Hazparnen.