Nerea GOTI
idiazabal

Idiazabalen mozorrotuta daude Axariaren jai eta magiaren zain

Axari jaitsierarekin eta danborrada taldearen pregoiarekin, gaur abiatuko dira San Blas jaiak, nahiz eta jai giroa aurreko asteburutik kalean dagoen. Urteetako proposamenen ondoan, kontzertu eta ekitaldi ugari dakar egitaruak, Txanekin batera magia handitzeko.

Arratsalde partean Idiazabalera bertaratuko denak mozorrotuta aurkituko ditu herritar asko. Jaien hasiera horrela ospatzen dute. Jai usaina ez da gaurkoa, aurreko asteburutik festa giroa sumatzen baita bertan. Gaurkoa hasiera ofiziala da, ordea, pregoi eta guzti. Axariari egingo diote harrera eta orduan bai, ofizialki hasiko dira Idiazabalgo San Blas jaiak, kanpotik Euskal Herriko hotzenetarikoak sasoiari dagokionez, eta orain arte hori ere ez da arazo izan, jai batzordean aritzen diren eragileen lanari esker Idiazabalen jaiek hotz, euri zein elurrari gaina hartzen baitiote.

Giroan sartzeko, arratsaldeko plana 17.00 aldera hasiko da. Guraso elkarteak ordu horretarako prestatu du playback eta txokolatada. Futbol txapelketako finala 18.00etan jokatuko da, eta 19.30ean, Axari jaitsierak aginduko du jaien hasiera eta horri danborradako taldeak jarriko dizkio hitzak.

Gazteen ekimenez, idiazabaldarrek beste itxura bat hartu ohi dute jaiei hasiera emateko, umoreari eta satirari bide emanez. Giroa kaleetan zabalduta, hurrengo hitzordua gaueko kontzertuak dira: Guilty Brigade, Sofokaos eta The Bobbies.

Eta bihar, «Izarretan dantzan»

Biharko proposamenei dagokienez, bolo txapelketarekin argituko du goizak, eta eguerdian, “Izarretan dantzan” erakustaldia prestatu dute dantza modernoko ikasleek. Ostean goitibehera jaitsiera egingo dute, eta arratsaldean, San Blas jaien magia handitzeko Txan Magoa izango da Idiazabalen.

Binakako Txapelketako pilota partidak dira egitarauak dakarren ekitaldi izarretako bat, Taberna Ibiltaria kantu taldearen proposamena ere bada biharko arratsaldeko ekitaldien artean; eta gaueko kontzertuetan, Hell Riders, Tximeleta taldea eta DJ Bull.

Igandean, meza nagusian abesbatzaren emanaldia izango da, eta goizeko ekitaldi nagusiak txirrindulari lasterketa, euskal dantzak eta herri bazkaria izango dira. Arratsaldean, herri kirolak, kuadrilla jolasak eta Oskarbi eta Errenteriako Landarbaso abesbatzaren kontzertua izango dira, Joxelu Anaien erromeriaren aurretik. Jaiak ez dira hor bukatuko, eta astelehena bertsoz beteko da, Andoni Egaña eta Amets Arzallusen eskutik.