@ibaiazparren
IRUÑEA

«Loratze faxistaren» aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean, otsailaren 23an

Egun «loratze faxista» bat ematen ari dela ohartarazita, eta zabaldu asmo duten «gorroto, beldur, autoritarismo eta erreakzioaren aurrean» modu positiboan erantzutearen garrantziaz jabetuta, faxismoaren aurkako ‘Askatasunaren aldeko martxa’ egingo dute Iruñean, otsailaren 23an, «defentsari onena aurrera urratsak ematen jarraitzea» delako.

Manifestazioaren deitzaileak, agerraldian. (Iñigo URIZ/FOKU)
Manifestazioaren deitzaileak, agerraldian. (Iñigo URIZ/FOKU)

«Nafarroak eremu demokratikoan eta sozialean aurrera egiten jarraitu dezan» eremu ezberdinetan lanean diharduten hainbat pertsonek agerraldia egin dute larunbat goiz honetan Iruñean.

«Gure askatasun eta eskubideak ez daude salgai», adierazi dute, gaineratuz askatasun demokratiko eta eskubide sozialak ez dizkietela «inork» oparitu. Horregatik, «osasun arloko, hezkuntzako, arreta sozialeko, kulturako pentsioen eta beste horrenbeste zerbitzu publikoen pribatizazioen edo degradazioaren saiakera guztiek» parez pare izango dituztela adierazi dute.

Zentzu horretan, «erabat libre eta burujabea» izango den Nafarroa bat nahi dute, inork harengan erabakirik hartzen ez duen Nafarroa bat, «orain arte Bruselak eta Madrilek egin duten moduan». «Gure eskubideak onartuak izan behar dira eta gure lege eta hitzarmenak errespetatuak», galdegin dute.

Horren harira, azken urteetako murrizketa guztien aurrean altxatzen ari direla zehaztu dute. «Adierazpen askatasuna erasotua izaten ari da eta askatasun sexualak irainak, iseka eta jazarpena» jasaten ari dituela azaldu dute. Bestalde, autoritarismoa, militarismoa, xenofobia, homofobia eta bazterkeria soziala sustatzen ari dela ohartarazi dute. Horren aurrean, «abiatutako aldaketa sakontzea» dute helburu, «defentsarik onena aurrera urratsak ematen jarraitzea» delako.

Egun, ordea, «loratze frankista eta faxista» bat bizi dugula ohartarazi dute ere, nabarmenduz hau ez dela «zerutik erori». «Atzoko eta gaurko aldagai zehatzetan dute jatorria», azpimarratu dute. Horiek dira, besteak beste, iraganean frankismoak bere «habia» egin zuen esparru ekonomiko, politiko, instituzional eta soziala. Antolatzaileen hitzetan, gaur egun Estatu espainiarrak bizi duen krisialdi ekonomiko, instituzional eta politikoari loturik, «botere faktikoek eman nahi dioten aterabide neoliberal eta autoritarioak zer ikusi handia dute».

«Zabaldu nahi duten gorroto, beldur, autoritarismo eta erreakzioaren aurrean gure erantzuna bereziki modu positiboan planteatu beharrean gaude», argitu dute, «askatasuna, demokrazia, elkartasuna eta justizia soziala defendatuz, alegia». Horretarako hitzordua ere jarri dute, datorren otsailaren 23an. Orduan, 17.30ean Iruñeko Udaletxe plazatik abiatuta, ‘Askatasunaren aldeko martxa’ egingo dute, eta bertan parte hartzeko deia egin diete nafar guztiei.