Barakaldoko BECen, eta 5.000 alderdikide baino gehiago bildu dituen ekitaldian, aurkeztu ditu EAJk maiatzeko udal, foru eta hauteskunde europarretarako hautagaiak. Ekitaldian, besteak beste, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak hartu dute parte.
Harro antzean mintzatu da Ortuzar. Izan ere, adierazi du aipatu zita elektoralei begira euren oposizio gogorrena «helburua begi bistatik galtzea eta konfiantza gehiegi izatea» dela, gainerako alderdi politikoekiko lehia mespretxatuz.
Urkullu lehendakariak, bere aldetik, ekonomia izan du mintzagai. Adierazi du ekonomiak eboluzio «ona» izan duela, langabezia tasak behera egin duela gaineratuz. Hala ere, lortutako emaitzekin ez direla konfirmatuko aurreratu du: «Esku bat daukagu Euskadiko ekonomian eta beste bat pertsonen beharretan».
Bestalde, gaur berretsi dute jeltzaleek Izaskun Bilbao izango dela alderdiaren hauteskunde europarretarako hautagaia. Honek Europa «sozial eta gizalegezko» baten alde egingo duela lan aldarrikatu du.
‘Prest!’ izan da EAJk ekitaldirako aukeratu duten leloa. Guztira, 950 hautagai inguru aurkeztu dituzte jeltzaleek.