naiz

Euskal Herriko bazterrak bisitatuko ditu datozen asteetan Korrika Kulturalak

Ekimen ugari antolatuko ditu datozen asteetan zehar Korrika Kulturalak Euskal Herriko bazter ugaritan. Alko dantza taldea, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Andoni Egaña eta Xabier Zabala, kale-antzerkia edo Kalaportu ikuskariaz gozatzeko parada izanen da. «Elkarlana da Korrika Kulturalaren izaeraren ardatza», azaldu du Asier Amondo arduradunak.

Korrika Kulturala aurkeztu dute Gasteizen. (@aek_eus)
Korrika Kulturala aurkeztu dute Gasteizen. (@aek_eus)

Korrika Kulturala aurkeztu dute gaur Gasteizko Baratza aretoan. Sei estreinaldi izango ditu aurtengo ekimenak, baina ehunka izango dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan antolatuko diren ekitaldiak. Asier Amondo arduradunak azaldu duenez, «elkarlana da Korrika Kulturalaren izaeraren ardatza», eta horixe irudikatu nahi zian dute gaurko aurkezpenean.

Aiko dantza-taldeak zabaldu du ekitaldia, Garaikideak izeneko lanaren lagin batekin, «dantza entzungai eta musika ikusgarri» egiten duen lanarekin. Otsailaren 17an Berriozarreko kultur etxean arituko dira eta martxoaren 24an Agoitzekoan.

Porrotx pailazoa ere egon da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria aurkezten: Musua ikuskizunaren estreinaldia egingo dute Korrika Kulturalean, «musuek biraka jartzen dutelako mundua». Otsailaren 20an Kanboko eskubaloi-gelan izanen dira ikusgai, 27an Irunberriko zineman eta martxoaren 27an Lodosako kultur etxean.

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak abesti bat sortzeko prozesua agertuko dute, sormena eta parte-hartzea ardatz dituen ikuskizunean. Martxoaren 7an Iruñeko Mendillorri auzoko Civivoxean izanen dira, hilaren 15ean Beasaingo Igartza jauregian, 30ean Tuterako Lourdeseko zentro zibikoan eta 31an Gasteizko Oihaneder euskararen etxean.

Kale-antzerkia ez da faltako Korrikaren ziklo kulturalean: ‘Jule’ antzezlana emango dute Hortzmuga Teatrokoek. Martxoaren 9an Oreretan arituko dira, 21ean Lizarrako Foru plazan eta 31an Gareseko Udal plazan. Arte-adierazpide berriak ere izango dira, Beñat Krolem artistaren ‘Oholtza’ performance-ari esker. Martxoaren 30ean Erromoko kultur etxean izanen da ikusgai.

Estreinaldi handienetako bat izango da Kalaportu ikuskaria: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoak kanturako ematen duen aukera taularatuko dute Loraldia Festibalarekin elkarlanean. Euskal Herriko hiriburuetako antzokietan egingo dituzte emanaldiak. Martxoaren 15ean Bilboko Arriaga antzokian, 21ean Gasteizko Printzipal antzokian, 23an Baionako antzokian, 24an Donostiako Victoria Eugenian eta 28an Iruñeko Gaiarren egonen da gozatzeko parada.

Amondok nabarmendu du «elkarlana» dela Korrika Kulturalaren «oinarria» eta herritarrei dei egin die «Klika» egin dezaten: «Euskarazko kultura sortu eta kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea sortzen jarraitzeko Klika, euskararen aldeko konpromisoari Klika».