NAIZ
BILBO

EAEn 79 jazarpen kasu identifikatu zituzten 2017-2018 ikasturtean, azterturiko kasuen %14,29

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan 79 jazarpen kasu identifikatu ziren 2017-2018 ikasturtean, hau da, Hezkuntza Ikuskaritzak azterturiko 553 kasuen %14,29 eta aurreko ikasturtean baino zazpi kasu gutxiago.

Cristina Uriarte sailburua eta Jose Angel Ayucar. (IREKIA)
Cristina Uriarte sailburua eta Jose Angel Ayucar. (IREKIA)

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eskola jazarpen kasuek 2017-2018 ikasturtean izan duten bilakaera aurkezteko agerrialdia egin du Bilbon, Jose Angel Ayucar Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusiarekin batera.

Horrela, aurreko ikasturtearekin alderatuta, aztertutako kasu kopuruak gora egin du, 443tik 553ra, baina jazarpen gisa identifikaturiko kasutaen beherakada izan da, bai zenbaki absolutuetan, bai ehunekoetan: 86tik 79ra jaitsi da jazarpenen kopurua, eta %19,41 ziren 2016-2017 ikasturtean eta %14,29 joan den ikasturtean.

Datu hauek azaltzeko arrazoien artean, gaur egun hezkuntza komunitateak zein jendarteak eskola jazarpenaren aurrean duten sentsibilizazio maila altua, Bizikasi ekimena eta azken urteotan Hezkuntza Ikuskaritza auzi honekiko izaten ari den «jarrera proaktiboa» aipatu ditu Uriartek.

Jazarpen kopururik handiena Bigarren Hezkuntzan gertatzen da: 2017-2018 ikasturteko 79 kasuen artean, 45 etapa horretan gertatu ziren (guztien %57). Lehen Hezkuntzan 33 kasu identifikatu ziren, batez ere etapa horretako azken urteetan.

Antzeman diren kasuen izaera aztertuz, ikusi da eraso fisiko zuzena kasuen %13,92an eman zela, hitzezko erasoak %20,25 izan zirela, bazterketa edo marjinazio soziala %43,03an eman zela, beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak %11,39an, jazarpen edo abusu sexuala eta jazarpen sexista %6,32an eta bestelako kasuak %5,06 izan zirela.

Bestalde, identifikatutako kasuen %21,5ean, Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu zen jazarpena. Gai horrekin lotura estuan, Uriartek nabarmendu du gelakideen artean gertatzen diren jazarpen kasu asko, maiz, eskola eremutik eta eskola ordutegitik kanpo gertatzen direla.

«Kasu hauek ere eskola jazarpen gisa aztertzen dira, eta ikastetxeak hartzen du egoera bideratu eta konpontzeko erantzukizuna. Begi bistakoa da, hala ere, aipaturiko kasu hauetan familien eginkizuna ere funtsezkoa dela», azaldu du.

Bizikasi

Agerraldian, Cristina Uriartek Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, hau da, 2017ko amaieran Hezkuntza Sailak abiatu zuen eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Ekimenak hedatuz jarraitzen du, eta Uriartek orain arte egindako lana eta egungo egoera zein den zehaztu du.

Horrela, ikastetxeetako talde dinamizatzaile guztiak eratuta daude dagoeneko: BAT deritzen taldeak (Bullyingaren Aurkako Taldea). Ikastetxe bakoitzeko lau kidek osatzen dute taldea, eta «ekimenaren muina» direla esan liteke, ikastetxean eskola jazarpenari eman beharreko erantzuna koordinatzen baitu.

Halaber, klaustro gehienetan formakuntza burutu da dagoeneko. Zehazki, irakasleen %90 inguruk formakuntza jaso du, bai eta bullying kasuen aurrean zuzen jokatzeko beharrezko diren material eta informazioa ere. Era berean, irakasle ez diren langileentzat eta familientzat ere formakuntza eta informazioa eskaintzen ari da, hezkuntza komunitate guztiaren inplikazioa funtsezkoa baita auzi honetan.

Gainera, joan den urtarrilean, Bizikasi eta eskola jazarpenaren inguruko formakuntza espezifikoa eman zaie ikasturte honetan erreleboa hartu eta lanean hasi diren 250 zuzendaritza talderi. 300 lagun inguruk hartu dute parte.

Eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eta ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekita dago.