Iratxe Sorzabalen defentsak Istanbulgo Protokoloan oinarrituz irundarrak Guardia Zibila atxilotu ondoren salatu zituen torturak frogatutzat ematen zituen txostena aurkeztu arren, lehenengo bi eskaerak ontzat eman zituen dagoeneko frantses justiziak.
Izan ere, bi euroagindu horiei buruzko prozedura ez du bukatutzat eman Xantiana Cachenaut abokatuak, auzia Estrasburgeko gorteak aztertu dezan prozedura aurkeztu berri duela.
Gaurko saioan, aurreko bi eskaerek jaso zuten erantzuna ontzat emanez hirugarren euroagindua ere onartzearen alde azaldu da fiskala. Sorzabalen abokatuak, ordea, Europako justiziaren iritzia jasotzeko eskaera luzatu dio epaileari.
Hain zuzen ere, 2016. urteaz geroztik Luxenburgeko auzitegiak bere irizpideak zabaldu zituen, horien artean eskubideen urraketa pairatzeko arriskua jaso zuela. Hainbat kasuetan berme hori zalantzan zegoela argudiatuz prozedura etetearen alde azaldu da gorte europarra. Hori dela eta, gaurko saioak edozein erabakia hartu aitzin Luxenburgeko epaileen iritzia galdetzea eskatu dio abokatuak jujeari.
Cachenautek NAIZi azaldu dioenez, helegite gorteak aldarrikatu dezake, hala ere, aurretiazko galdera pausatzea ez dela derrigorrezkoa. Kasu horretan, Sorzabalen defentsak Kasazio Gortera jotzeko aukera baliatuko luke, «instantzia horrentzat askoz zailagoa litzatekeelako europar gorteari finean lege aplikazioari dagokion aurretiazko galdera planteatzeari uko egitea».
Bere zigorra estatu frantsesean bukatu ondoren Iratxe Sorzabal espainiar justiziaren esku utziko duen ala ez jakitera emanen du epaitegiak heldu den apirilaren 17an.
Bestalde, frantses justiziak gaur aztertu du baita ere Mikel Albisu preso ohiak aurkezturiko eskaera. Hain zuzen, estatu frantsesean bere kartzela zigorra bururatu aitzin donostiarrak eskaera aurkeztu zuen, iragan uztailean, frantses lurraldean izateko duen debekua kendu diezaioten.
Cachenautek azaldu duenez, bi argudio mahaigainean jarri ditu epailearen aurrean. Lehenik eta behin Albisuren bikote den Marixol Iparragirre frantses estatuan preso dagoenez hura bisitatu ahal izateko “lurraldearen debekua” altxatzea ezinbestekoa dela argudiatu du abokatuak. Horrekin batera, testuinguru politiko berriari erantzuteko eskaera luzatu dio Cachenautek epaileari. Bigarren prozedurari honi buruzko erabakia apirilaren 11ean ezagutuko da.