NAIZ

Arizkuren (EPPK): «Kolektibo gisa, beti egongo gara bizikidetza jorratzearen alde»

Murtziako espetxetik, ‘‘Pueblos’’ aldizkariari elkarrizketa eman dio Josetxo Arizkurenek. EPPKko mintzakidetzako kidearen ustez, bide legalari ekiteko orduan presoek azaldu duten erabakitasunak «harridura eta nahasmena» ari da eragiten Estatuko botereguneen artean. Horretan jarraitzeko asmoa azaltzeaz gain, bizikidetza jorratzearen alde mintzo da Arizkuren.

Josetxo Arizkuren, EPPKko mintzaideetako bat, epaiketa batean. (POOL EFE)
Josetxo Arizkuren, EPPKko mintzaideetako bat, epaiketa batean. (POOL EFE)

Euskal Herriko bake prozesuari buruzko monografikoa argitaratu du, euskara hutsean, ‘‘Pueblos’’ izeneko aldizkariak, eta bertan Josetxo Arizkuren EPPKko ordezkariari eginiko elkarrizketa irakur daiteke. Lerroburu hauxe aukeratu dute: «Erabakitasun handiz ari gara mugitzen eta jokabide horrek harridura eta nahasmendua eragiten du Gobernu, espetxe erakunde eta organo judizialetan».

Espetxe politika aldatzeko orain arte emandako urratsak oso txikiak izan direla jakinda, erronkari eusten diotela erantsi du Arizkurenek, helburu hau nabarmenduz: «Legedi arrunta aplika dezatela, xede guztietarako. Legea oinarri duen erronka horri gerra-hizkera erabiliz erantzuten dio Gobernuak kasu askotan, salbuespen-egoeretako legedian oinarriturik betiere». Hausnarketa honetan sakonduz, hauxe dio preso nafarrak: «Zaila du gure burutik kentzea ideia hau: Espainiako buruzagi politikoak (Gobernuburu izan direnak, bederen) ez dira sinesgarriak, ez dira serioak. Zenbat aldiz entzun ote dugu ‘ETA desegin ondorengo biharamunean Euskal Herrira eramango ditugu preso guztiak’?».

Testinguru honetan, ETAk eragindako biktimekin topaketak egitea lagungarri izango ote zen galdetzen dio Eneko Calle elkarrizketatzaileak Josetxo Arizkureni. Hauxe erantzuna: «Gatazka konpontzeko prozesua erabatekoa baldin bada, zentzuzkoa da biktimekin topaketak izatea (...) Kolektibo gisa, beti egongo gara bide hauek jorratzearen alde; bakera, bizikidetzara eta gatazka gainditzera garamatzatenak. Baina giro egokia sortu behar da prozesu horiek bizikidetza elika dezaten, eta ez ‘irabazle-galtzaile’ zeraren irudikapen publikoa».

Biktima horiei zerbait esaterik ote duen galdetuta, «lehenik eta behin, esango nieke gure errespetua dutela, jasan duten oinezagatik –erantzuten du Arizkurenek–. Guk ere asko sufritu dugu, eta ulertzen dugu haien sufrimendua. Esango nieke, halaber, beste oinarri batzuk dituen etorkizun bat eraikitzen hasi behar dugula, iragana ahaztu gabe betiere. Eta denok esku hartu behar dugu eraikitzen horretan».