NAIZ+

Ikurrinari ateratako txartel gorriak sareak asaldatu ditu

Sare sozialetan haserrea eta amorrua nabarmena da Bixintxo Bilbao lapurtarrak Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren eskutik jasotako zigorraren ostean.

Bixintxo Bilbao iazko finalean ikurrina eskuan. (FFPB)
Bixintxo Bilbao iazko finalean ikurrina eskuan. (FFPB)

Urtebeteko zigorra jaso du ziburutarrak Bartzelonako Munduko Txapelketan ikurrina erakusteagatik. Urrian jokatu zen Munduko Txapelketa, Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekuan. Haatik, orain egun batzuk ezagutu du Bilbaok ezarri dioten zigorra.

Iazko urriaren 20an Frantziako selekzioak irabazi zuen urrezko domina; Frantziako selekzioko kideak, baina, Bixintxo Bilbao, Mathieu Ospital, Peio Gixandut eta Peio Larralde ziren, euskal herritarrak guztiak. Podiumean zirela, urrezko domina kolkoan eta ‘La Marsellesa’ megafonian,  ikurrina atera zuen Bilbaok eta ekitaldia amaitu arte astindu zuen.

Lau hilabeteren buruan Nazioarteko Federazioaren Diziplina Batzordeak Bilbao zigortu du, hamabi hilabetez nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko debekua ezarriz. Are gehiago, Frantziako Federazioari Munduko Txapelketan parte hartzeko ezarritako fidantza ez dio itzuliko, eta mehatxu egin du Bartzelonan gertatutakoa berriz errepikatuko balitz, zigorra federazioarentzat ere izango dela nabarmenduz.

Albistea azkar zabaldu zen komunikabideetan eta baita sare sozialetan ere, hauetan haserrea eta amorrua eraginez.

Bilbaoren auziaren harira, galdera ere plazaratu da Osoigo plataforman. Elkarte eta erakundeei hiritarren parte-hartze zerbitzuak eskaintzen dizkien plataforma teknologikoan Munduko Pilota Txapelketan ikurrinarekin ateratzeagatik isuna jasotzea zilegi den galdetzen dute.

Jonathan Martinez txiolari ezagunak ere salatu du zigorra ezarri izana eta «inorikotzat» jo du gertatutakoa. Bere txioak oihartzun zabala izan du eta ia bost mila aldiz izan da elkarbanatua.

Herritar askok onartezintzat jo dute zigorra eta babesa adierazi diote pilotariari sare sozialen bidez.

Babes eskariak

Bilbaoren auziaren harira, EH Bilduk eskaria luzatu zion Lakuari auzian parte hartu eta pilotaria babes dezala galdeginez. Eskaria onartuta, Jon Redondo Lakuako kirol zuzendariak gutuna bidali dio Nazioarteko Pilota Federazioari zigorra bertan behera utz dezan eskatuz.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ere babesa helarazi dio lapurtarrari.