@mtxintxurreta

Martxoak 3: «Ahanztura nahi zuten, baina ez dute lortu. Oroimenak bizirik dirau»

Gasteizko sarraskiaren 43. urteurrenean, 5.000 pertsona inguruk parte hartu dute arratsaldeko manifestazioan, memoriaren alde eta inpunitatearen aurka.

Gasteizen Martxoaren 3ko gertakariak oroitzeko egindako manifestazioa. Endika PORTILLO | FOKU
Gasteizen Martxoaren 3ko gertakariak oroitzeko egindako manifestazioa. Endika PORTILLO | FOKU

«43 urte betetzen ditu gaur injustiziak. Inpunitatearen itzal luzangak gure gainean jarraitzen du. Ahanztura nahi zuten, iluntasuna inposatu nahi ziguten. Baina ez dute lortu», adierazi du Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak 1976an Polizia Armatu espainiarrak hil zituen bost langileei Gasteizko Zaramaga auzoan egindako omendaldian. Ez dute lortu, berretsi du, «43 urteren ondoren oroimenak bizirik jarraitzen duelako».

Memoria egitera eta inpunitatea ozen gaitzestera bildu dira milaka pertsona hildakoen omenezko oroigarriaren bueltan. ELA, LAB, ESK eta Steilasek bultzatutako ekitaldian, sindikatuek oraingo gazteei egin diete erreferentzia, Aiztogile kaletik arratsaldeko 5etan abiatu den Gazte Blokea Zaramagara iritsi denean. «Batzuk ez genuen bizi 1976ko martxoaren 3a, baina memolia kolektiboari esker ezagutu dugu», adierazi dute.

Halaber, nabarmendu dute gazteek badutela «klase borrokaren kontzientzia», ezagutzen baitituzte «prekarietatea, mozal legea eta muntaia polizialak burutzeko Estatuak duen boterea», besteak beste, «Altsasuko kideekin edo duela gutxi Aitor Zelaia eta Galder Barbadorekin gertatu bezala».

Martxoak 3 elkarteko bozeramaile Nerea Martinez eta Eva Barrosok, era berean, gogora ekarri dituzte Gasteizen hildako bostak, baita haiek babesteko ondorengo manifestazioan hil zituzten biak ere. «43 urte betetzen ditu gaur injustiziak. Inpunitatearen itzal luzangak gure gainean jarraitzen du. Ahanztura nahi zuten, iluntasuna inposatu nahi ziguten. Baina ez dute lortu», adierazi du Martinezek. Ez dute lortu, berretsi du, «43 urteren ondoren oroimenak bizirik jarraitzen duelako».