NAIZ
BILBO

Euskaltzaindiaren egoitza bisitatuko du asteazkenean Pedro Sanchez presidente espainiarrak

Gobernu espainoleko presidentea, Pedro Sanchez, Euskal Herrian izango da asteazkenean eta, besteak beste, Euskaltzaindiaren egoitza bisitatuko du Bilbon. Akademiara bisita egingo duen lehen agintari espainiarra izango da. 

Pedro Sanchez, Gobernu espainoleko presidentea. (Pierre-Philippe MARCOU/AFP)
Pedro Sanchez, Gobernu espainoleko presidentea. (Pierre-Philippe MARCOU/AFP)

NAIZek baieztatu ahal izan duenez, Gobernu espainiarreko presidenteak, Pedro Sanchezek, Euskaltzaindiaren egoitza bisitatuko du asteazken eguerdian. 

Moncloaren ekimenez egingo den bisita hau, presidente espainiar batek Akademiara egiten duen aurrenekoa izango da. 

Bisita azkarra izango da eta, besteak beste, liburutegia ezagutzeko eta ohorezko liburuan sinatzeko aukera izango du. 

Donostia-Bilbo-Gasteiz

Asteazkenean bertan, goizeko 9.45ean, Kursaalen egongo da Sanchez ‘Change the Change’ konferentziaren irekiera ekitaldian.

Bilbotik pasa ondoren, Gasteizen izango du hurrengo hitzordua, arratsaldeko 19.00etan Europa Jauregian egingo den ekitaldi politiko batean parte hartuko baitu.

Han izango dira PSEko idazkari nagusia, Idoia Mendia, eta Gobernu espainiarreko eleduna, Isabel Celaa. Cristina Gonzalezi eta Maider Etxebarriari, Aldundirako eta Gasteizko Udalerako alderdiak aurkeztuko dituen hautagaiei babesa adieraziko diete horrela.