@zalduariz
IRUÑEA

Hamarnaka mila emakumek borobildu dute greba feminista Euskal Herriko kaleetan

Bizitzak erdigunera eramateko Euskal Herriko mugimendu feministak egindako deialdiari jarraituz, hamarnaka mila emakume bildu dira arratsalde honetan Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan. 200 mobilizazio baino gehiagok borobildu dute ilunabarrean greba feminista arrakastatsu bat.

25.000 lagun inguru Gasteizko kaleetan. (FOKU)
25.000 lagun inguru Gasteizko kaleetan. (FOKU)

Ez du neurgailu errazik greba feministak, lan arloari eta kontsumoari dagokionean behintzat, baina Euskal Herriko hiri eta herriek egunean zehar utzitako irudiak baino ez dira begiratu behar duda izpirik gabe arrakastaz hitz egiteko. Egunean zehar egindako ekintza eta ekimen guztiek arratsaldeko manifestazioetan izan dute une gorena. Balio dezala neurgailu gisa, sorpresarik ezean, leku askotan bizi izan dutela gaur urte osoan biziko duten mobilizazio handiena.

Feminismoak berriz ere erakutsi du Martxoak 8 honetan Euskal Herrian orain dagoen mugimendu sendo eta aktiboenetakoa dela. Izan ere, zaila da asmatzea hainbeste hiri eta herrietan, une berean, horrenbeste jende –eta hain anitza– kalera ateratzeko gai den beste edozein ekimen. Euskal Herriko kale eta plazak moreak izan dira gaur, eta hau ez da bakarrik eslogan bat.

Hitzordu nagusia 19.00tan iritsi da Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta 18.30tan Baionan, baina jendetza bildua zen aldez aurretik. Esate baterako, kale Nagusia bete xamar zegoen Bilbon ordu erdi lehenago, eta 18.45etan Golem aurreko plaza festa bat zen dagoeneko.

Aldarrikapen anitzak

Tokian tokiko hitzartzeak egon diren arren –hiriburuetako kronikak irakurgai daude Naizen–, manifestazio osteko ekitaldiek ildo bera jarraitu dute hiri eta herri guztietan, Euskal Herriko mugimendu feministak adostatuako aldarrikapenei segida emanez. Adibidez, zaintza partekatuaren eta bizitza mantentzeko erantzunkizun kolektiboaren aldeko aldarria eszenatoki guztietara iritsi da.

Horrekin batera entzun dira ere indarkeria matxistaren kontrako leloak. Eta ez bakarrik leloak, zifrak ere gogoratu baitira. 2018an bi ume eta 9 emakume hil zituzten indarkeria matxista kasu desberdinetan, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gaur bertan jakinarazi duenez, iaz %7,1 igo ziren genero indarkeriarekin lotutako salaketak Hego Euskal Herrian.

Eta azkenik, bereziki nabaritu da hainbat hiri eta herrietan pertsona migratuak lehenengo lerrora eramateko ahalegina, haien gainean geratzen baitira, gehienetan, ikusten ez diren lanen zama, mugimendu feministak gaur salatu nahi izan duenez.

Aldarrikapen hauekin lotutako ekintza zehatzak etengabeak izan dira, gainera, egun osoan zehar. Bilbon, besteak beste, atzerritartasun bulegoa itxi dute, arrazakeriaren eta kolonialismoaren kontrako ekintza sinboliko batean. Iruñean, Sanferminetako bortxaketa epaitu zuen auzitegia ere izan dute jomugan piketeek, eta Angelun E.Leclerc barruan sartu dira Martxoaren 8aren aitzakiarekin jarritako iragarki matxistak kentzeko.

Ekintza eta ekimen ugari egun osoan zehar

Irrati publikoko edozein emisora piztu eta goizean goiz sumatu ahal izan da gaurkoa ez zela edozein egun. Ezta edozein Martxoak 8 ere ez. Ohiko programazioaren ordez, Nina Simoneren ‘Ain't Got No’ entzun zitekeen, ezer ez edukita ere, bizitza eta askatasuna dituela aldarrikatzen duen abestia. Zaila soinu banda egokiagorik bilatzea «bizitza erdigunera» eramateko aldarrikapena ardatz duen greba feminista baten kronika idazteko.

Atzo gauean hainbat hiri eta herrietan egin ziren manifestazio eta kalejirak ahaztu gabe, goizeko piketeekin hasi da Euskal Herriko mugimendu feministak –mundu mailako deialdiarekin bat eginez– deitutako greba. Bilbon, esate baterako, San Mames inguruko hiriko sarrera blokeatu du goizeko lehen orduan pikete jendetsu batek.

Ordu berean, Iruñeko alde zaharreko eta zabalguneko kaleetan zehar ibili dira hainbat pikete, eta Espainiako poliziak 30 bat emakume identifikatu ditu Eroritakoen Monumentuan, Bilgune Feministako kide den Amaia Zufiak azaldu duenaren arabera. Gasteizen, ordea, ‘El Corte Inglés’ saltokia izan da piketeen helburuetako bat. Ixtea lortu dute.

Arabako hiriburutik mugitu gabe, goizean iritsi da ere eguneko irudietako bat, arlo instituzionalean behintzat. Gasteizen osoko bilkura deituta zegoen, baina 38 parlamentariren greba dela eta quorum-a ez denez bete, bertan behera geratu da saioa. Horrelako zerbait gertatzen den lehenengo aldia izan da.