NAIZ+

Greba feministaren hamar une

Zaila da greba feministak ostiralean eman zuena hamar puntutan laburbiltzea; hala eta guztiz ere, gu saiatu egin gara sare sozialetan aurkitutako hamar unetxo hauekin.

Grebaren unetxo batzuk.
Grebaren unetxo batzuk.

Mugimendu feministak kaleak eta plazak bete zituen ostiralean. Greba feministara deituak ziren emakumeak eta milaka eta milaka atera ziren kalera, emakumeen eskubideen defentsan. Arrakastatsua eta historikoa izan zen greba. Hirietan eta herrietan izan ziren protestak eta jendetza handiak batu ziren bai eguerdian eta baita arratsalde partean ere.

Zaila da egunak eman zuena laburbiltzea, baina gu saiatu egin gara sare sozialetan aurkitutako hamar unetxo hauekin.

Bilbon izan zen manifestazio jendetsuena. Manifestazioa ‘Zutik emakumeak hautsi gure kateak’ abesten amaitu zuten ‘El Salto’ komunikabideak Twitterren zabaldu bezala.

Bizitza erdian jartzeko greba zen ostiralekoa eta ikusezinak diren zaintza egitekoak erdigunean jartzeko baliatu zuten eguna.

Egunean zehar Euskal Herrian zenbait emakume identifikatuak izan zirela salatu eta eragile politikoei eta erakundeei grebarekin bat egiteaz harago, «benetako politika feministak« martxan jartzea galdegin zuten Donostiako mobilizazioan.

Malerrekan emakume joaldunek ireki zuten martxa. Joareen hotsarekin jendartea esnatu eta emakumeen eskubideen alde egin zuten.

Bidasoa eskualdean oso presente izan zuten alardearen gatazka. «Alarderik ez emakumerik gabe» zioen pankarta zabaldu zuten arratsaldeko manifestazioan eta asko ziren alardeko zapia soinean zeramaten emakumeak.

Arraunlariek ere bat egin zuten ostiralean greba feministarekin.

Donostian, Ane Labaka bertsolariak hartu zuen mikrofonoa, bertsoz iraultza feminista aldarrikatzeko.

Arrasaten, ostera, kantuz salatu zuten sistema patriarkala.

Eta Errenterian, Ereintza dantza taldearen eskutik dantzak hartu zuen plaza.

Euskal Herriko mugimendu feminista pozarren da grebaren balantzearekin eta Euskal Herria zoriondu du emaitzarengatik. «Berriro egin dugu, lortu dugu! Milaka emakumek* kaleak hartu ditugu, sistema heteropatriarkatu kapitalistari planto eginez! Egun garrantzitsua Euskal Herria feministan urratsak ematen jarraitzeko! Ez dago gu gelditzerik!» dio greba feministaren ostean idatzitako txio honetan.