NAIZ

Bulkada Eguna apirilaren 6an ospatuko da Bilbon

Apirilaren 6an egingo dute Bilbon Bulkada Eguna, gazte antolakundearen 40. urteurrena ospatzeko dinamikaren baitan, belaunaldi guztietako militante eta militante ohiak batzeko helburuarekin. 

Bilboko Bulka Egunaren kartela.
Bilboko Bulka Egunaren kartela.

Gazte Antolakundearen 40. urteurrena ospatzen da aurten, eta apirilaren 19tik 22ra Lemoan egingo den Gazte Topagunearen aurretik, Bulkada Egunak antolatzen ari dira Euskal Herriko hainbat herrietan. Dinamika hau martxoaren 2an hasi zen, eta apirilaren 12ra arte luzatuko da.

Bilbon, apirilaren 6an izango da Bulkada Eguna. Bertan, belaunaldi guztietako gazte antolakundearen militante eta militante ohiak batzeko asmoa dago, eta adin guztietarako egitaraua antolatzen ari dira.

Oraindik, bazkariaz aparte, Irrien Lagunak taldearen ikuskizuna eta umeentzako jolastokia egongo dela aurreratu dute bakarrik, «umeak dituzten kideak aitzakiarik ez izateko». Baina hurrengo egunetan egitaraua osatzen joango direla adierazi dute.

Bazkarirako tiketak badaude salgai Deustu, Alde Zaharra, Santutxu, Indautxu, Otxarkoaga, Irala, Errekalde eta Zorrotzako Herriko Tabernetan, eta 15 euroko prezioa du langileentzat, 9 prekarioentzat eta 5 umeentzat.

Gazte Topagunea apirilaren 19tik 22ra ospatuko da Lemoan 'Askatasun bulkadak independenziara' lelopean. Musikaz gain, mota guztietako ikuskizunak, hitzaldiak, mahainguruak, gazte sortzaileentzat plaza propioa eta ekitaldi, tailer eta aisialdi eskaintza zabala iragarri dute.

Oraindik, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek ez dute egitaraua guztiz zehaztu, baina musika taldeei dagokienez, besteak beste, Gatibu, Zoo, Kop, Hesian, Huntza, La Furia, Arkada Social, Gorka Suaia eta Su Ta Gar haien presentzia konfirmatu dute jada.

Astearte honetatik aurrera, bonoak 70 euroan daude eskuragarri.