«Askatasun bulkadak independentziara!» lelopean ospatuko da Lemoako Gazte Topagunea apirilaren 19tik 22ra, eta Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek lau egun horietan izango diren hainbat ekitaldiren berri eman dute sare sozialetan azken orduetan. Bi antolakundeek iragarri dutenez, «herriarenganako konpromisoz, eskuzabaltasunez eta maitasunez Euskal errepublikaren zimenduak» eraikitzen aurreapausuak ematea da helburua, eta egitaraua osatzen duen eztabaidarako eskaintza zabala horren adierazle argia da.
Hitzaldi, mahai-inguru, tailer edota mintegi formatoetan, egungo errealitate ezberdinetan sakontzeko aukera ematen duten ekitaldi ugarik osatzen dute egitaraua. Horren ondoan, nabarmentzekoa da 50etik gora musika talde igoko direla Gazte Topaguneko oholtzetara, zehaztu dutenaren arabera.
Burujabetza nola eraiki eta «nola bultzatu langile eta herri sektoreen mesedetarako prozesu independentista eraldatzaile bat» Lemoan jorratuko den gaietako baten abiapuntuak dira. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Iratxe Delgado Ernaiko kidea izango dira hizlari gonbidatuak. Askapen nazional eta sozialaren uztarketaren funtsak aztertzeko, Arkaitz Rodriguez eta Kizkitza Gil de San Vicente izango dira Lemoan, eta erabakimenaren aldeko jarduna ere aztergai izango da Gazte Topagunean, baita Gure Esku Dago herri ekimenak eskubidea gauzatzeko duen bide-orria.
Berreuskalduntzeko borroka
Euskal Herria berreuskalduntzeko borrokan eman beharreko jauzi berriak beste solasaldi baten gaia izango da, Urko Aierberen eta Mikel Aiartzaguenaren eskutik. Era berean, kurduen borroka eta feminismoa aztertuko dute, eta horretarako, Kurdistan Women Students-eko ordezkariak izango dira Lemoan.
«Turistifikazioa, gentrifikazioa, hiri eredua…» eta esperientziak eztabaidagai izango dira, apustu etxeak eta gazteen ludopatia eta prekarietatea bezala. Xenofobia eta faxismoaren gorakadaren gaineko begirada edota futbol profesionala eta identitate kolektibo eta politikoen inguruko hausnarketa planteatzen ditu Gazte Topaguneak, azken hau Egoitz Askasibarren parte hartzearekin. «Jaka horiak eta frantziar estatuaren lerratze autoritarioa», elikadura burujabetza edota «baloreen transmisiorako» eta «herri baten eta bere imaginarioaren eraikuntzarako» kulturak suposatzen duen tresna aztertuko dute, besteak beste.
Gonbideatuen artean, LAB Nafarroako ordezkariak eta Huerta de Peraltako langileak daude, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentaria eta Nahia Fernandez Nafarroako Gonernuan aldaketan sakontzeko erronkaz hitz egiteko, eta «herri hezitzaileen proposamenak» ere jasoko dituzte.
Azpiegitura antolatzen
Bestalde, milaka gazte hartuko duten azpiegitura handiaren antolakuntza ere martxan da, eta horretarako jada prestaketa lanetan dabiltza hamarka gazte, beharrezkoak diren guneak eta beharrak auzolanean aztertzen. Kontuan hartu behar da, azpiegiturak akanpalekua, dutxetarako guneak, otorduak egitekoak eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituela.
Era berean, kontzertu eta hitzaldi edo formazio tailerrez gain, kale animazioa eta antzerki emanaldiak ere izango dira egunean zehar Gazte Topagunean.
Kontzertuen eskaintzari dagokionez, nahikoa da aipatzea gonbidatutako taldeen artean Su ta Gar, Gatibu edo Hesian talde ezagunek osatzen dutela kartela, besteak beste, baina egitarauak gehiago dakar: La Furia, La Basu, Huntza, Dj Bull, Xabi Bandini, Dj Reimy, Bad Sound, Ira, Skabidean & The Black Birds, Rude Pride eta Pikete Lerroa (Fermin Muguruza eta Des-Kontrol), besteak beste.
Horrez gain, gazte ekimenetako kantuen bilduma osatu dute, «urte luzez Euskal Herriko milaka gazteren borroka doinua jarri dioten kantuak» zabaltzeko, eta «Larga vida a Rip» liburua aurkeztuko dute Judith Uriach eta Nando Alonso egileen parte hartzearekin, eta Txerra Bolinaga RIPeko kide ohiaren ea Iker Barandiaran kazetariaren ekarpenekin.
2019ko Gazte Topagunearen kantua egin duen Eskean Kristö taldea. Kantua eta bideoklioparen aurkezpena datorren igandean izango da NAIZen.