naiz
Iruñea

‘G7 EZ! Plataforma’ aurkeztu dute Iruñean, Biarritzen abuztuan eginen den gailurraren aurrean

Abuztuan Biarritzen eginen den G7aren gailurraren aurrean ‘G7 EZ! Plataforma’ aurkeztu dute gaur Iruñean, Euskal Herria osatzen duten herri ezberdinek bat egiten duten antolakundearen barruan. Zabaldin eginen dute, apirilaren 16an, 18:30ean, «zero asanblada» irekia.

Abuztuan Biarritzen eginen den G7aren gailurraren aurrean ‘G7 EZ! Plataforma’ aurkeztu dute gaur Iruñean.
Abuztuan Biarritzen eginen den G7aren gailurraren aurrean ‘G7 EZ! Plataforma’ aurkeztu dute gaur Iruñean.

«Herritarrak G7aren aurka mobilizatu eta Euskal Herritik ere mundu berri bat eraikitzen ari garela aldarrikatzeko G7 EZ! Plataforma osatu dugu, baita Iruñean ere, hainbat elkartek, herri mugimenduk, sindikatuk zein alderdi politikok. Gure eskualdean, Iruñerrian, gailurrari aurre egiteko antolatu gara baina Euskal Herria osatzen duten herri ezberdinek bat egiten duten antolakundearen barruan», azaldu dute nafar hiriburuan egindako agerraldian.

2019ko abuztuaren 24, 25 eta 26ean G7aren gailurra Euskal Herrian egingo da, Biarritzen. «Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa da G7aren gailurra, kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea bait da helburu nagusiena», adierazi dute.

Gailur honek herritarrentzako «ondorio latzak dakartzala» nabarmendu dute: «Klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak, indarkeria martxistaren areagotzea, migrazio behartuak, banka eta transnazionalen nagusitasuna,… Krisian dagoen sistema kapitalista globalizatua, alor sozial, politikoa, zein ingurumenean guztiongan ondorio gogorrak eragiten dituena, baita eremu pribatu eta zaintzarenean ere, heteropatriarkatu eta kapitalaren arteko aliantza eusten duen zutabea», gehitu dute.

Era berean, gailurra Biarritzen egiten den bitartean, «askatasun publikoak erabat mugatuak» izango direla salatu dute. «Egiazko setio egoera eta indar polizial ezberdinen okupazio itogarria inposatuko da hainbat egunez».

Honen aurrean, herritarrak G7aren aurka «mobilizatu eta Euskal Herritik ere mundu berri bat eraikitzen ari garela aldarrikatzeko» deia egin diete eta helburu horrekin osatu dute ‘G7 EZ! Plataforma’. «Justitzia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri dituen eredu berri baten alde mobilizatuko gara, eredu eta mundu bat non pertsonok eta herriek gure etorkizuna nolakoa izango den erabaki ahalko dugun». Horretarako, «zero asanblada» ireki bat deitu dute, apirilaren 16an, 18:30ean, Zabaldin.