AEK-k eta Etxepare Euskal Institutuak bigarrenez antolatu duten Korrikaren bideo lehiaketak baditu irabazleak. Euskal Etxeetako bideoen artean, La Platako (Argentina) Euskal Etxean euskara ikasten dabilen Enzo Dameliok irabazi du saria, 1.470 «gustuko dut» jasota. Irakurletzen artean, ostera, Mexiko Hiriko (Mexiko) UNAM unibertsitateko ikasleak gailendu dira 1.122 botorekin. Mexikarrek saria irabazten duten bigarren aldia da, izan ere, duela bi urte egindako lehen lehiaketan ere izan ziren garaile.
Albistearen goiko aldean Enzo Damelioren bideoa ikusi daiteke. Lerro hauen azpian, aldiz, UNAM unibertsitateko ikasleena:
Guztira aurtengo lehiaketan munduko zenbait txoko ezberdinetatik bidalitako 29 bideo jaso dira eta bi astez izan da bideoak bozkatzekoa aukera. Pasa den asteko albistean ikusgai zeuden jasotako bideo batzuk eta denak ikusteko: AEKren YouTubeko kanala.
Bi irabazleek, UNAMeko Irakurletze taldeko lagun batek eta Enzo Dameliok, udan AEKren barnetegi batean egonaldia egiteko aukera izango dute, euren euskara landu eta Euskal Herria ezagutu dezaten.
Lehiaketak euskara eta korrika lau haizeetara zabaltzeko asmoa du. Bide horretan bi kategoria ditu; batetik, munduko Euskal Etxeetatik bidalitako bideoek osatzen dutena, eta bestetik, nazioarteko unibertsitateetako irakurletzetatik igorritakoek osatzen dutena.
Sariak Korrikaren 21. edizioaren atarian eman dituzte AEK-k eta Etxepare Euskal Institutuak. Bihar abiatuko da euskararen aldeko lasterketa Garestik, arratsaldeko 17.00tatik aurrera. Hamaika egunez gure lurraldea alderik alde eta arineketan igaro ostean, Gasteizen aurkituko du amaiera apirilaren 14ean.