Jon ORMAZABAL
Interview
Danel ELEZKANO eta Beñat REZUSTA
ASPEKO PILOTARIAK

«Nahiko antzekoak gara, nahiko burugogorrak»

Badira berez sen hori dutenak, pilotari jaiotzen direnak, eta baita, dohain batzuk izanda, pilotari egin egiten direnak. Azken hauetakoak dira Danel Elezkano eta Beñat Rezusta; entrenatzea gustatzeaz harago, asko entrenatzea beharrezkoa dutenak. Izaera antzekoak dituzte, apalak eta isilak dira biak, baina euren artean kimika berezi bat sortu dute eta oso ondo moldatzen dira elkarrekin.

Danelek eta Beñatek ez dute sineskeria handirik eta iazko elkarrizketa egin genueneko txoko berean hartu gaituzte. Hori bai, aurten oso bestelako finala izatea espero dute.

Orain urtebete galdetu nizuen ea bikote bezala errepikatzea gustatuko litzaizuekeen. Hirugarren bat egongo balitz?

BEÑAT REZUSTA: Gu gustura, orain ez gaude beste batean pentsatzen, baina seinale ona litzateke. Orain aurtengoarekin zentratu, ahal denik eta ondoen prestatu eta gero gerokoak.

Ez zarete, hortaz, bata besteaz nazkatu?

DANEL ELEZKANO: Ez, ez. Egia esan, entrenamenduetan-eta ordu asko pasatzen dugu batera, eta oso gustura. Kantxatik kanpo ere erlazio oso ona daukagu, eta egia da entrenamenduetan askotan aguantatu behar izaten dudala [barrez] baina ondo, oso ondo konpontzen gara eta pozik nago Beñatekin jokatzeko aukera izateagatik.

Jokoan nabari da iaz ere elkarrekin aritu zinetela?

B.R: Bai, ezagutu eta asko egiten dugu elkar, azkenean kantxa barruan ere hitz egiten dugu eta, gutxi gorabehera, joaten zara elkar ezagutzen; noiz lagako duen pilota, noiz sartuko den, zer kostatzen zaion gehiago, edo alderantziz, niri noiz kostatzen zaidan gehiago eta noiz komeni zaidan laguntzea... Hori denborarekin ezagutzen joaten zara, udan ere partida mordoa jokatu genituen batera eta denborarekin hartzen diren gauzak dira.

Zertan hobetu da Danel iaztik?

B.R: Ez dakit, partida asko dira eta denbora bat egon izan banintz ikusteke, agian desberdintasun gehiago nabarituko nizkiokeen. Nik uste biok antzerakoak garela, ikusten badugu zerbait gaizki egiten ari garela horretan orduak sartzen ditugu eta saiatzen gara huts horiek zuzentzen.

Eta Beñat?

D.E: Berak esan duena, berak ere lan guztia egiten du hobetzeko intentzioarekin eta nik uste dut kristoren meritua daukala hor goian egoteko eta niretzat gozamena da berarekin jokatzeko aukera izatea.

Laugarren finala jarraian...

B.R: Bada marka, bai. Niretzat bakar batera heltzea ere gauza handia zen, hasieran ez nuen espero ere egingo eta lau segidan... niretzat gauza handia da eta saiatuko gara ondo errematatzen. Orain arteko hiru horietatik bakarra irabazteko aukera izan dut eta saiatuko gara bigarrena lortzen.

Txapelekin geratzen gara, baina lortu duzun erregulartasuna lortzea ere ez da makala...

B.R: Niretzat inportantea da, garbi dago txapelketak hor geratzen direla eta jendea horietaz akordatzen dela. Niretzat txapelketak garrantzitsuak dira baina urtean beste partida asko daude eta ni denetan saiatzen naiz topera, uda ere polita da, torneo pila bat egoten dira, denok egon nahi izaten dugu eta ni neu behintzat partida guztietan irabazten saiatzen naiz.

Danel, berak ez du esango, baina txapelketako bi atzelaririk onenak daude finalean?

D.E: Bai, argi dago. Nik uste dut erakusten ari direla, bai Beñat eta bai Jose, urte askoan zehar hor daudela eta zerbaitegatik da. Aldeak markatzen ari dira eta denboraldi osoan gainera, horrek meritu handia dauka.

Finalerako txartela lortuta, zure adierazpenetan aldarrikapen moduko bat nabaritu nizun, horrela izan zen?

B.R: Ez, agian hala ulertu da, baina ez dakit zenbateraino. Pixka bat aparteko txapelketa bat ez dugula egin-edo esan da, txispaz-eta justu ikusi gaituztela, baina nik uste dut txapelketa ona egin dugula eta gustura egoteko moduan geundela, igandean egiten genuena eginda. Gero, garbi dago finalean egonda, hori dena borobildu egiten dela baina aurretik ere pozik egoteko moduan ginela uste dut.

Mindu zintuen txisparik gabe zeundela entzuteak?

B.R: Ez, gure lana ez da horretan sartzea, gurea entrenatzea da. Pixka bat justu ikusi, eta norbera da arduratzen den lehena, norbera da hori zuzentzen saiatzen den lehena eta nik uste dut nahiko autokritikoa banaizela. Neure burua zerbaiten gaizki ikusten dudanean segituan saiatzen naiz zuzentzen edo hobetzen, eta hori da gure lana.

Gaztea zara, baina aurrekoan Apezetxeak zioen beteranoa ematen duzula jokatzen?

B.R: Gazte, gazte... gazte izanagatik dagoeneko ez ditugu 18 urte, pixkanaka gora goaz eta poliki-poliki gauzak ikasten ari gara. Partidak jokatuaz ikasten da zer egiten duzun gaizki, zer hobetu daitekeen eta horixe entrenatzen ere gustura nabil.

Danel, zure kasuan, inoizko unerik onenean?

D.E: Izan daiteke, azkenean nik beti zera esaten dut, lesioak errespetatzen ari dira denbora luze batean eta hori da pilotariok eskatzen dugun gauza bakarra. Azken urtea niretzat oso ona izan da, fisiko aldetik ez dut arazorik izan, eskuetatik ondo nago eta kantxan disfrutatu egin dut azken urte honetan. Eta ea jarraitzerik dugun, ze momentu txarrak ere helduko dira eta horietan ere egon egin behar da.

Lau finalisten artean zu zara txapelik gabeko bakarra, Danel, presiorik gehien zeuk daukazu?

D.E: Ilusio handia egingo lidake, ez dut gezurrik esango, amets bat bezalakoa da, baina badakit oso zaila izango dela. Aurrean oso bikote indartsua daukagu eta irabazteko aukeraren bat izan nahi badugu, dena perfektu egin behar dugu. Presioa? ez dakit zenbateraino, niretzat hemen egotea gauza handia da, oso polita da jokatzea, inoiz ez dakizu azkena izango ote den eta uste dut disfrutatzeko momentua dela, gertatzen dena gertatzen dela.

Aurten inor ez da zuen eskuinaz akordatu?

B.R: Seinale ona da hori. Garbi dago hor beste bikote batzuek baino zulo handiagoa daukagula, ondo bilatuz gero, beste batzuek baino gehiago sufritzen dugula baina, ni baino gehiago, uste dut Danel eskuinaz moldatzen dela, batez ere airez eta oso ondo defendatzen dela eta ondo kubritzen duela.

Ikasi ere egiten da zulo hori estaltzen?

D.E: Beñatek esan bezala, argi dago alde horretan guk gehiago sufrituko dugula beste batzuek baino, baina nik uste dut erasotzen digutenean ere ez dela erraza eskuinera bakarrik erasotzea eta eskuinean ere ondo defendatu garela. Beñatek txapelketa zehar eskuinarekin jo dituen pilotakada denak, edo gehienak, oso onak izan dira eta nik beti esaten diot gehiagotan jo beharko liokeela, ze entrenatzen nik konfiantza askorekin ikusten dut. Nik uste nahiko ondo konpontzen garela, ni ere normalean iritsiko ez nintzen pilotetara Beñat ziztuan joaten dela eta ulermen hori ere garrantzitsua dela.

Taktikoki oso bikote landua zarete, ezta?

D.E: Partida asko dira batera eta hortik aparte, hurbiltasunagatik-eta, askotan entrenatzen gara elkarrekin Eibarren nahiz eta txapelketa garaia ez izan. Nik uste dut biok nahiko antzekoak garela, nahiko burugogorrak, entrenatzea asko gustatzen zaigula eta uste dut bi urtez txapelketan batera jokatzeak lagundu ahal izan digula.

Jokin Etxanizek zer paper du hobekuntza horretan?

D.E: Niretzat zorte ikaragarria izan da berarekin lan egiteko aukera izatea, pilotaren inguruan badakigu zenbat dakien, asko laguntzen digu denoi. Uste dut pilotari bakar bat ere ez dudala inoiz haren inguruan berba txarrik egiten entzun, guztiz kontrakoa, eta horrek zerbait esan nahi du. Askotan pilota alde batera utzita ere, gauza askotan laguntzen digu. Batez ere, badaki pilotaria txarto dagoenean, psikologikoki-eta, bera ere ia konturatu gabe, asko laguntzen, eta guretzat zorte handia da Jokin bezalako entrenatzaile bat izatea.

Asko jakin, eta entrenatzen ere badaki, ala?

D.E: Hori da, asko jakin arren, ez da erraza gero transmititzea eta badiotsut Jokinek pilotariekin duen harremana oso-oso hurbilekoa dela, oso ona. Beti laguntzeko prest eta guretzat oso zorte handia da berarekin lan egiteko aukera izatea.

Beñat, zuk gainera herrikoa duzu?

B.R: Bai, herrikoa eta Danelek esandakoa, oso gertukoa. Beti laguntzeko prest eta segituan enteratzen da triste zabiltzan, ezinean zabiltzan, hori ez da esan beharrik egoten. Berak traturako asko balio du; jendearekin hitz egiteko, laguntzeko motibatzeko... denerako. Eta pilotan erakusteko zeresanik ez.

Iazkoarekin alderatuta, aurtengo finalerako bidea oso desberdina izan da?

B.R: Ez dakit, txapelketa bakoitza desberdina izaten da, baina bueno, aurten uste dut nahiko erregular aritu garela; lana egin dugu. Partida asko ez ditugu erraz irabazi, baina lana eginda puntuak aurrera atera ditugu. Aurreko urtean bezala, azken jardunaldira irabaztera behartuta heldu gara, iaz justu-justu pasatu ginen, eta aurten hobeto baina tira, bi txapelketetan nahiko erregularrak izan gara eta oso pozik gaude finalean egonda.

Amaitzea falta, zer geratu zaizue buruan iazko finaletik?

D.E: Nik uste dut txapelketa oso-oso ona egin genuela iaz, eta pena handiena, galtzeagatik baino gehiago, finalean txapelketan zehar eman genuen maila eman ez genuelako izan zen. Baina maila hori ematea lortu ez bagenuen, nik uste dut Josebak eta Josek asko jokatu zutelako izan zela, haiek gehiago izan ziren eta zoriondu besterik ez dago. Baina pozik egoteko moduko txapelketa egin genuen, nahiz eta finala galdu.

Aurtengo Bilboko finalerdian ere erraz samar nagusitu ziren Irribarria-Zabaleta?

B.R: Partida hori bakarrik ez, eurek txapelketa bukaerako partida denak ondo jokatu dituzte, finalerdietan ondo irabazi dituzte partidak markagailu aldetik. Garbi dago oso fuerte daudela, baino espero dut finala finalerdietako partidaren desberdina izatea. Asko jotzeaz gain, eurek asko asmatu zuten, tanto mordoa bukatuaz eta saiatuko gara kontra egiten.

Nola?

B.R: Saiatu behar dugu eurak mugitzen, eroso ez daitezela egon eta ez dezatela oso zuzen jokatu. Teoria ondo dago baina gero ea lagatzen diguten egiten.

Iaz final osteko afaria bakoitzak bere aldetik egin zenuten, aurten?

D.E: Oraindik ez dugu erabaki, baina intentzioa elkarrekin egitekoa da eta nik uste gauza polita izango litzatekeela hala egitea. Iaz azkenean ezin izan genuen elkarrekin egin, hasiera batean pentsatu genuen, baina azkenean ez dira hain hurbil dauden bi herri eta aurten badabiltza saiakera egiten eta ea ondo irteten den.

Zuk, Danel, gainera, herri askotako jendea mugitzen duzu?

D.E: Azkenean hala suertatu da. Txikitatik Zaratamon bizi izan naiz, baina orain urte batzuk daramatzat Diman bizitzen eta lagunak bi herrietan ditut asko. Eta gero, Zaratamo herri txikia izanda, kuadrilla Arrigorriagakoa daukat hein handi batean. Zaratamokoak lau edo bost gara baina gainerakoak Arrigorriagakoak. Niri ilusio handia egiten dit finala jokatzeak, baina inguruko jendeari oraindik gehiago eta oso polita da hori.