Joseba Aurkenerena
Urruña

Korrika Urruñan

Heldu da! Badator, 21. Korrika Urruñara! Igandeko gaua zen, gau ateria, epela, ederra, eta hamaikak alderako urruñarrak jadanik lekuko aldaketen tokietan pilatzen ziren: Urtubiako jauregiaren aitzinean, Itsasmendi zinearen parean, herriko plazan, Arotzenia ostatuan, Teilatu-baitako bidegurutzean, Pausuko sarreran… Korrika Donibane Lohizunetik zetorren Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak zeharkatu ondoren eta Hendaia eta Irun aldera zihoan.

Zubiak Eraikiz Urruña, Hendaia, Biriatu eta Kaskarotenea ikastolekin elkarlanean aurrera daramaten egitasmoaren barrenean, bart arratsean Orereta Ikastolako hainbat lankidek Hendaia eta Urruñako ikastolen kilometroan parte hartu dute. [Orereta Ikastola]
Zubiak Eraikiz Urruña, Hendaia, Biriatu eta Kaskarotenea ikastolekin elkarlanean aurrera daramaten egitasmoaren barrenean, bart arratsean Orereta Ikastolako hainbat lankidek Hendaia eta Urruñako ikastolen kilometroan parte hartu dute. [Orereta Ikastola]

Ni plazan nengoen zain. Han baziren herritar pilo bat bilduta, gehienak 40 urtetik gorakoak, horixe baita Urruñan lekurik errazena lasterka egiteko, plazatik Arotzenia ostatura den pettarra beheiti, alegia. Gazteak berriz, aitzineko guneetan ziren. Berant zetorrela erraiten zuten, baina hala ere, hor ziren urruñar herritarrak kementsu eta aiduru. 23:30ean, iragarritako tenorean, Korrikaren aldeko lehen oihuak entzun genituen. Han zen jadanik Itsamendi aldean. Furgoneta zetorkigun plaza aldera, Itsasmenditik plazara doan pettara emeki-emeki igoz, gibeletik jende pilo bat, denak oihu, denak kantari, denak korrikari… Horien artean Etxahun semea zetorren bere adiskideekin. Belaunaldi transmisioa etorri zitzaidan burura une haietan.

Plazara iristean, bertan ginenok jende zurrunbilo horretara sartu ginen. Hura gazteria! Horiek ikusirik, erretretan den ni bezalako bati bihotza zabaldu zitzaidan. Oraino ez gira galdurik! Gazteek euskara bere tokian ezarriko dute! Urruñan ere, euskara indartuko dugu! Bai, horixe!

Karrika beheiti gindoazen, denak pozik eta alai, bozkarioz eta itxaropenaz jantziak. Arotzenia ostatuaren parean jende pilo bat zen, gazteak gehien bat, eta gu pasatzean, horiek ere sartu ziren. Korrika herri gunetik atera zen eta Pausura doan errepidean sartu. Ni orduan atera nintzen. Gorputzak ez zidan gehiagorako ematen. Gazteek jarraitu zuten aitzina, Teilatu-baita aldera. Oihuak eta korrikariak urrundu ziren. Norbaiti entzun nion: Badoa! Badoa Korrika Hendaiara!