naiz
DONOSTIA

Euskara, aragoiera, asturiera, galiziera eta katalanaren eragileek konpromiso sorta aurkeztu dute

«Mehatxuei eta politika atzerakoiei aurre egiteko» konpromisoa eskatu dute euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragileek. Uda aurretik eragileek Madrilen agerraldi bateratua egiteko asmoa dute.

Aldi bereko agerraldiak egin dituzte Donostian, Pontevedran, Valentzian eta Bartzelonan euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragileetako eledunek. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Aldi bereko agerraldiak egin dituzte Donostian, Pontevedran, Valentzian eta Bartzelonan euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragileetako eledunek. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Aldi bereko agerraldiak egin dituzte Donostian, Pontevedran, Valentzian eta Bartzelonan euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragileetako eledunek. Donostian, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta proiektuetako arduradun Haizpea Abrisketak hartu dute parte.

Bilbaok azaldu du estrategia eragileon kezketatik abiatu zela. «Azken hilabeteotan hainbat alderdik zabaldu dituzten mezuek kezkatu gaituzte, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak are gehiago urratzeko proposamenak ari baitira zabaltzen».

Hartara, lau premisa eta sei konpromiso jasotzen dituen dokumentua adostu dute eragileek. Haizpea Abrisketak azaldu du konpromiso horien edukia. «Egun desorekan daude gaztelania eta hizkuntza gutxituak; horrexegatik, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia erdiesteko, beharrezkoa da, besteak beste, eskubideak eta betebehar berdinak aitortzea, administrazio publikoan hizkuntza gutxituan gaituak diren langileak kontratatzea, epaitegietan hizkuntza gutxituen erabilera normalizatzea edota gaztelaniaren lege bidezko inposizioari amaiera ematea. Hartara, hori da guk zehaztu ditugun konpromisoen muina».

Era berean, hurrengo urratsak zein diren aurreratu dute Donostiako agerraldian. «Ostegun gauean hauteskunde-kanpaina izango da, eta nahiko genuke alderdiek aurkeztu dugun dokumentuaren gainean posizionatzea. Esan bezala, konpromiso eske gatoz», gaineratu du Bilbaok.

Uda aurretik eragileek Madrilen agerraldi bateratua egiteko asmoa dutela aurreratu du Kontseiluko idazkari nagusiak. «Kezkek bildu gaituzte eta horien ondorioz iniziatiba hartzea erabaki dugu, halere, orain hirugarren batzuek hartu behar dituzte konpromisoak. Horixe irudikatuko dugu bertan egingo dugun agerraldian. Inboluzioaren harresia apurtzeko modu bakarra herritarren eskubideak bermatzeko neurri eragingarrien aldeko konpromisoa hartzea besterik ez dago».