Unai Parot 1990eko apirilaren 2an atzeman zuten Sevillan (Espainia) eta bi egunera beste hiru euskal herritar –Ion Kepa Parot anaia, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu– atxilotu zituzten Ipar Euskal Herrian.
Lau euskal preso horiek beren kartzelaldiko 30. urtea hastear direlarik, beraien askatasuna exijitzeko beste ekimen bat egin du gaur Bagoaz kolektiboak.
Joan zen apirilaren 2an Baionan eginiko agerraldian kolektiboak azaldu zuenez,«justizia injustua dela» irmoki salatzea dute helburu, aipaturiko presoek «aspalditik etxean behar zutelako izan, epaileek behin eta berriro baldintzapeko askatasuna ez bazieten era bidegabean ukatu».
Zigorra ordezteko eskaera
Maritxu Paulus-Basurko abokatuak lau presoen egoera zehaztu zuen aipaturiko agerraldian. Unai Parotek, 30 urteko derrigorrezko kartzelaldia beteta, heldu den urteko maiatzean behar luke kartzelatik atera. Alta, jatorriko kondenari 11 urte gehitu eta gero, 2030era arte luzatu zioten zigorra.
Frantses nazionalitatea izanik, garaiko legediaren arabera Espainiaratu ezin izan zutenez biziarteko zigorra ezarri zieten Esnal, Ion Parot eta Haranbururi, nahiz eta egotzi zizkieten delituak Estatu espainolean gertatu. Are, hango legedia aplikatuz gero, «30 urteko zigorra beteta libre aterako lirateke; alta, biziarteko kartzela zigorra dutenez, ateratzeko datarik ez dute».
Laurok 60 urtetik gorako adina izanik «30 urteko kartzelaldiak zinez langa berria» markatzen duelakoan dago abokatua.
Ion Kepa Parotek 2005ean gainditu zuen derrigorrezko espetxealdia eta Esnalek eta Haranburuk, berriz, 2008an. Hala ere, geroztik aurkeztu dituzten baldintzapeko askatasun eskaera guztiak errefusatu dizkiete.
Horrendako, prozedura hori baztertu gabe, zigorraren kommutazioa eskatzeko urratsa ere egin du presoen defentsak, espetxealdia 30 urtera mugatzea eskatuz. Bigarren eskaeraren emaitzaren zain dago. Prozedura ez ohiko horretan azken erabakia Emmanuel Macron frantses presidentearen esku dago.