@Maite_Ubiria

Kartzelaldiaren 30. urtean sartzear den Xistor Haranbururen askatasun auzia, maiatzaren 7an

Kartzelaldiaren 30. urtean sartzear diren Ion Kepa eta Unai Parot anaien, Jakes Esnalen eta Xistor Haranbururen askatasuna eskatzeko Baiona eta Donibane Lohizune arteko hamar biribilgunetan aldibereko elkarretaratzeak egin ditu larunbat honetan Bagoaz kolektiboak. Bertan iragarri duenez, heldu den maiatzaren 7an Haranbururen askatasun eskaera aztertzeko auzia iraganen da. Horren karietara elkarretaratzea deitu du Senperen.

Haranburu, Esnal eta Parot anaien aldeko elkarretaratzea, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)
Haranburu, Esnal eta Parot anaien aldeko elkarretaratzea, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

‘30 urte aski da’ leloa euskaraz eta frantsesez zabaldu dute, gaur goizean, beste behin ere, ehunka herritarrek Lapurdin. Bagoaz kolektiboak deituta, Baiona eta Donibane Lohizune arteko hamar biribilgunetan elkarretaratzeak egin dituzte.

Hartara, beren kartzelaldiaren 30. urtean sartuko diren Ion Kepa eta Unai Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranbururen «egoera jasangaitza» salatu dute Bagoazen deialdia babestu duten 250 herritarrek.

Donibane-Lohizuneko tren geltokiaren aurreko biribilgunean 50 bat lagun bildu dira, kartzela zigorra luzea bete duten lau lapurtarren potretak erakutsi dituztela.

Bertan Argitxu Dufau, LABeko kideak eta Bagoaz kolektiboko ordezkariak iragarri duenez, heldu den maiatzaren 7an Xistor Haranbururen baldintzapekko askatasun eskaera aztzertzeko auzia iraganen da. Hori dela eta, Bagoazek deialdia berezia antolatu du, presoaren herrian, Senperen.

Heldu den astean horren berri gehiago ematen badute ere, Dufauk NAIZi eginiko adierazpenen bidez nabarmendu duenez, «data horretan Parisek badu paregabeko aukera bere borondatea azaltzeko, ez Xistor, ez da besteek ere ezin dutelako beste egun bat gehiago kartzelan egon».

Unai Parot 1990eko apirilaren 2an atzeman zuten Sevillan (Espainia) eta bi egunera beste hiru euskal herritar –Ion Kepa Parot anaia, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu– atxilotu zituzten Ipar Euskal Herrian.

Unai Parotek, 30 urteko derrigorrezko kartzelaldia beteta, heldu den urteko maiatzean behar luke kartzelatik atera. Alta, jatorriko kondenari 11 urte gehitu eta gero, 2030era arte luzatu zioten zigorra.

Frantses nazionalitatea izanik, garaiko legediaren arabera Espainiaratu ezin izan zutenez biziarteko zigorra ezarri zieten, berriz, Esnal, Ion Kepa Parot eta Xistor Haranbururi, nahiz eta egotzi zizkieten delituak Estatu espainolean gertatu. Are, hango legedia aplikatuz gero, «30 urteko zigorra beteta libre aterako lirateke; alta, biziarteko kartzela zigorra dutenez, ateratzeko datarik ez dute», Maritxu Paulus-Basurko abokatuak laburbildu duenez.

2008az geroztik libre behar luke izan Haranburuk

Ion Kepa Parotek 2005ean gainditu zuen derrigorrezko espetxealdia -beraz, geroztik bermepean libre behar luke izan-  eta Esnalek eta Haranburuk, berriz, 2008an. Hala ere, geroztik aurkeztu dituzten baldintzapeko askatasun eskaera guztiak errefusatu dizkiete. Lau presok 60 urtetik gorako adina dute.

Heldu den maitzaren 7an Haranbururen egoerari dagokion auziaren emaitzaren zain, jakin behar da presoen defentsak bertze bide bat zabaldu duela. Hartara, zigorraren kommutazioa eskatu du, espetxealdia 30 urtera mugatzea eskatuz. Prozedura berezi horren kasuan auzitegian ez baizik Emmanuel Macron frantses presidentearen esku dago azkeneko erabakia.