Vox-ek gaur Donostia eta Bilbon hitzartuta zituen ekitaldiak aurrez-aurreko bilakatzen ari dira. Eguerdian Donostiako Kursaalean tentsio egoerak bizi izan dira eta Santiago Abascal Vox-eko buruak Bilbon biolentzia erabil zedila eskatu du Twiterreko bere kontuaren bidez. Eta hala gertatu da: uneotan, ehunka lagun daude Euskalduna jauregiko ingurumarietan eta tira-birak sortu dira manifestari antifaxista eta Ertzaintzaren artean. Harriren bat jaurti eta bengalak piztu dituzte lehenek, bi aldiz gutxienez kargatu du Ertzaintzak.
Arratsaldeko 17.00ak aldera bildu dira manifestariak Euskalduna ingurura eta ‘zuek, faxistak, zarete terroristak’ edota ‘Euskal Herria antifaxista’ gisakoak oihukatu dituzte. Berehala hurreratu dira brigada mugikorreko 20 bat dispositibo eta polizia-lerroa osatu dute manifestariei bidea galarazteko. Vox-en ekitaldia 18.00tan zen hastekoa.
Donostian tentsioa
Faxismoaren aurkako mobilizazioa zegoen deituta gaurko, Santiago Abascalen alderdiak Donostiako Kursaalean egin behar zuen ekitaldiarekiko kontrakotasuna adierazteko. Manifestaldia Kursaal atarian amaitu da eta bertan faxismoaren aurkako zenbait lema oihukatu dituzte manifestariek, ‘Franco, Vox, berdin da’ edota ‘Faxistak kanpora’ tartean.
Ertzaintza bertaratu eta manifestariak eraikin ataritik urrunarazteko ahaleginak egin ditu, eta tentsio uneak eta zenbait oldarraldi eta bultzada izan dira manifestari eta Ertzaintzaren artean.
Ertzaintzak polizia-lerroa osatzea lortu du azkenean eta haien babespean irten dira Vox-eko jarraitzaileak, bandera espainolak astintzen zituzten artean, tentsioa hareagotzea eraginez.
Barne Sailetik jakinarazi dute Donostian zauriturik eta atxiloturik egon ez bada ere bost pertsona identifikatu dituela Ertzainzak eta horietako lauri espediente administratiboa irekiko zaiela; bi pertsonari autoritatearekiko errespetu faltagatik, bati manifestazioaz adostutakoa ez betetzeagatik –Saguesen hasi eta Bulebarrean amaitu da manifestazioa, adostu bezala, baina bertan ziren ehunka pertsonek Kursaalera joatea erabaki dute– eta laugarrenari Kursaal parean afixa bat ezartzeagatik.
Donostiako gertakarien ostean, Vox-eko buru Santiago Abascalek gogor kritikatu ditu faxismoaren aurkako manifestariak eta Twitter bidez zabaldutako mezu batean Bilbon antifaxisten aurka indarkeria erabil dadila eskatu du.
El Gobierno Vasco ha permitido el hostigamiento permanente y es responsable de la violencia que los proetarras han ejercido hoy en San Sebastián. Exigimos que esta tarde en Bilbao se disuelva por la fuerza a los proetarras y que se garantice la integridad de nuestros militantes. pic.twitter.com/7ZD2knkdnk
— Santiago Abascal (@Santi_ABASCAL) April 13, 2019
Donostiako istiluen ostean prentsa oharra bidali du Sortu-k, Vox-en ekitaldiaren ondoren Kursaal ingurua «desinfektatu» duela ziurtatzeko. «Aktibista boluntario talde batek ingurua prezintoz inguratu eta bazter guztiak ondo garbitu dituzte. Modu horretan, jendeari eskuin muturraren, autoritarismoaren eta faxismoaren arriskuez ohartarazi nahi diegu». Era berean, ekimen honen bidez, «talde ultra horiei adierazten diegi hemen ez direla ongi etorriak», adierazi dute.
Ekimenean parte hartu du Sortuko Gotzon Elizburuk. PP, Ciudadanos eta Vox-i erreferentzia eginez, «trifatxitoak bazter guztiak zakarkeriaz, irainez eta gezurrez zikindu nahi ditu», ziurtatu du Elizburuk. Azkenik, Sortuk «gisa honetako desinfekzio kanpaina gehiago» ere egingo dituela iragarri du.