"Internet da komunikabideen artean demokratikoena, bereganatzen dituen partaide kopuruarengatik, daukan izaera globalarengatik eta zuzenean parte hartzeko dauzkan erraztasunengatik". Hiru arrazoi horiek aipatu zituen Bartzelonan jaiotako Antoni Gutierrez-Rubi aholkulariak, M-15 mugimendua gertatu eta gutxira. Baieztapen hori tekno-optimistegia dela esan genezake, agian, baina bada Internet gaur egungo informazio aroaren bektore nagusia.
Gizakiok, Internet baliatuta informazioa trukatzen dugu etengabe eta horrek itzelezko aztarna uzten du sarean. Hartara, azken urteotako erronka nagusia izan da informazio pilo hori nolabaiteko inteligentzian bilakatzea. Alegia, aztarna hori jendartearentzat modu batean edo bestean baliogarria izatea. Horretara datoz algoritmoen erabilera eta ikaskuntza-automatizatua delakoa.
Hala, orain hamar urte sortu zen Twitter gaztelaniaz, eta hiru beranduago euskaratu zuten mikroblogging zerbitzua. Gaur egun ikerketek baieztatu dute sare sozialen artean eztabaida politikorako joera handien duen sare soziala dela. Garai batean eremu pribatuan gordetzeko iritzien biltegia bilakatu da, finean. Espazio publikoan dagoen interakzio politikoen "kutxa beltza" dela esan genezake. Gainera, politikagintzan gertatzen den guztiak bere erreplika dauka Twitterren.
Hartara, hauteskunde garai honetan gertatzen ari dena ezagutu eta ulertzeko aukera ona da interakzio eta iritzien "kutxa beltz" horretan begiratzen. Zer gertatzen ari da Twitterren? Ze gaiez eta zer terminotan ari gara eztabaidatzen euskal herritarrak apirilaren 28ko bezperetan?
4.000 txio eguneko
Mundu osoan eguneko 500 milio txio baino gehiago idazten dira. Itsaso zabal horretako ur-tanta ñimiñoa baikina, Hego Euskal herrian 4.000 txio inguru idatzi dira egunero Espainiako hauteskundeen bueltan. Konparazio gisa, Estatua bere osotasunean hartuta, 875.000 txio inguru idatzi dira eguneko hauteskundeei buruz. Beraz, atera genezakeen lehen ondorioa da euskal gizartearen mobilizazio digitala epela izaten ari dela.
Ildo horretatik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako alderdi eta hautagai nagusiei Twitterren egindako aipamenak monitorizatu ditugu hauteskunde kanpainako lehen egunetan. Guztira 11.488 parte-hartzaile (profil) identifikatu dira elkarrizketan lehen bost egunetan, orotara batezbesteko bi txio idatzi dituztelarik, eta egindako aipamen eta komentarioen arabera "komunitate" ezberdinetan sailkatu ditugu algoritmoen jakina aplikatuz.
Datuei erreparatuta EH Bilduren komunitatean kokatzen da, nabarmen, txiolari kopuru handiena.Bikoiztu egiten du EAJren komunitatea eta hirukoiztu Elkarrekin-Podemosena. Hartara, atera daitekeen bigarren ondorioa da EH Bilduk bere txiolariak mobilizatuta dauzkala, edo bederen, inork baino zuzeneko aipamen gehiago lortzen dituela. Bertxiokatzeetan ere nabaritzen da lidergotza hori, orotara (aipamen + bertxioak), EAJren kopurua bikoiztu egiten baitu (10.181 aipamen vs 5.176 aipamen).
Nafarroako egoerak arreta eman digu, autonomia erkidegoan baino jarduera txikiagoa egoteaz gain, Nafarroako alderdi guztiak "kluster" edo komunitate berean ezarri dituelako algoritmoak. Hala, Nafarroako alderdien jarduerari begiratuta badirudi Nafarroaz ari direla etengabe. Nafarroa da euren bektore nagusia. Baina horrez gain, Geroa Bai, UPN eta Nafarroako Podemosen komunitatea hein batean txikia delako ageri dira elkarrekin.
Jusapol erdigunean
Elkarrizketa digitalak uzten digun elementu bihurri eta arrotza Espainiako polizien elkarte Jusapolen presentzia da. Gainera, beheko grafikoan ikusi daitekeen moduan, Jusapolek elkarrizketan daukan tokia ez da hutsala. Komunitate txikia ordezkatzen duen arren, zentroan kokatzen da: Jusapolekoak denekin hitz egin dute edo denek Jusapolekoekin.
Gogoratu beharra dago EH Bilduren legebiltzarkide Julen Arzuagak elkarte polizialaren kide batzuen probokazioei erantzun ziela Gasteizko Legebiltzarrean, kanpaina hasi baino ordu batzuk lehenago. Hartara, EH Bilduren komunitateak Arzuaga babestu zuen eta jarraitzaile asko aktibatu zituen. Aldiz, Jusapolen presio estrategiak ere fruituak eman zizkion elkarteari, euren helburuetako bat bete baitzuen.
Elkarrizketa digitala laburbiltzen duen grafoa
Grafikoan ikusi daitekeen beste xehetasun bat da Elkarrekin-Podemos alderdiak isolatzera jotzen duela, gainontzeko alderdi edo klusterretatik aldenduz eta grafoaren zentroa bilatzeari uko eginez. Izan daiteke monologo endogamikorako joera agertu duela bere komunitateak: bere jarraitzaileak dabiltza, euren gaiez bereziki hitz egiten. Bestalde, EAJk beste hauteskunde batzuetan izaten duen posizio zentrala desplazatua ikusi duela ere agerian geratzen da.
Elkarrizketaren liderrak
Testuinguru horretan, komunitate bakoitzean nor da nodo nagusia? Berez, ez omen dago sorpresa handirik. Hurrengoa nabarmendu daiteke:
EH Bildun, bere profilak eta bozeramaile nagusiak dira nagusia: @ehbildu, @arnaldootegi, @oskarmatute, @joninarritu, @ehbilducongreso.
EAJ-n, bere profil oficiala, bere bozeramaileak eta bi alderdiri egindako interpelazioak (Podemos eta ERC): @eajpnv, @aitor_esteban, @andoniortuzar, @ahorapodemos, @esquerra_erc.
PSE-n: @socialistavasco, @psoe, @sanchezcastejon, @idoiamendia, @adrilastra.
Podemosen: @podemoseuskadi_, @rosa_romero30, @monederojc, @ezkeranitzaiu, @iunida.
PP-n: @ppvasco, @populares, @javiermaroto, @pablocasado_, @santi_abascal.
VOX-en: @vox_es, @voxnavarra, @adolfo_alustiza, @coalicion, @juntsxcat.
Nafarroako klusterrean: @geroabai, @upn_navarra, @cambio_aldaketa, @podemosnavarra, @komaur.
Jusapolen: @julenaretakoa, @jusapol, @jusapolgipuzkoa, @jucilnacional, @mariamonterotfe
Bestalde, txio guztien testuak aztertuta ere atera daiteke ondoriorik. Esaterako, lehenenik eta behin, EH Bildun lema eta hashtag-a da nagusi: "Erabaki". Bigarrenik, EAJk RTVE-n egindako debatearen oihartzuna aprobetxatzen du sareetan presentzia izateko. Hirugarrenik, PSE-n eta Podemosen ekitaldiekin zerikusia duten herriei egiten diete aipamen berezia. Laugarren gako moduan, PP-n, komunitate txiolari murritza duenez, komunikabide batean izandako eztabaida bati buruz profil ofizialetik idatzitako txioak lortzen dute oihartzuna. Kuriositate gisa, presentzia handiagoa dauka Korrikaren "klika-k" PPren hitz-lainoan EAJrenean baino.
EH Bilduren komunitatearen testutik ateratako hitz-lainoa
Twitterreko agenda
ETA, indarkeria poliziala, kale-borroka, Guardia Zibilaren kuartelak... elkarrizketa digitalaren pizgarri izan dira Euskal Herrian. Gogoratu beharra dago hauteskunde kanpaina hasieran, egun gutxiren bueltan, hurrengoak gertatu zirela: Poliziaren biktimen legearen eztabaida Gasteizko Legebiltzarrean, VOX eta Ciudadanosen ekitaldi politikoak eta berauen aurkako protestak...
Hala izanda, galdera da: nork jartzen ditu gaiok hauteskundeetako agendan eta nori egiten diote mesede? Badirudi zenbait alderdi politikok beharrezkoa dutela gatazka politikoa xaxatzea euren nortasun eta errelatoa eraikitzeko. Ciudadanosen eta Vox-en kasua izan daiteke eta agian horregatik erabaki zuten Euskal Herrian presentzia izatea kanpainako lehen asteburuan. Hain argi ez dagoena da komunitate soberanistak etekinik ateratzen duenik joko-zelai horretan jokatzearekin, komunitate-txiolaria aktibatzeaz haratago.
Aztertutako komunitateetako txiorik aipagarrienak (EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Partido Popular eta Jusapol)
Errelato nazionalaren zantzuren baten esperoan
Herri orok kontatzen du (edo kontatzen saiatzen da) historia jakina. Espainiako alderdi batzuk (Ciudadanos eta VOX, kasu) hauteskunde kanpaina hasieran beren narrazio nazional partidista indartu nahi izan dute Ebrotik goragoko lurrei begira. Hartara, badirudi Euskal Herria nazio gisa defendatzen duten indarrek, komunitate garrantzitsuenak ordezkatzen dituzten arren, zailtasunak dituztela errelato propioa sortzeko.
Politikan sarri gertatzen da norbere nortasuna, errelatoa eta helburua eraikitzeko aktore antagonisten beharra izatea. Baina sareei begira bederen, badirudi antagonista horiek badutela pisu handiegia euskal errelato nazionalean: agenda eta markoak eraikitzeko gaitasuna izaten jarraitzen dute.
Hala, elkarrizketa digitala baliatu daiteke norberaren komunitatea handitzeko, bai; Baina termino kuantitatiboez harago, elkarrizketa norabide egokian jartzeko helburua ere inportantea da,zaila izan daitekeen arren. Alegia, komunitate handienak gaitasuna izan beharko luke joko-zelaia ezarri eta gainontzeko arerioak errelato digital propioa eraikitzera bultzatzeko.
Internet eta Twitter ez dira prentsa, irrati edo telebistaren antzekoak. Politika beste modu batean egiteko espazioa dira. Internetek harremanak aldatu ditu eta nolabaiteko boterea eman die lehen mezuaren hartzaile pasibo zirenei. Horregatik, alderdiak jakinaren gainean egon behar dira nortasun eta errelato berriak sortzerakoan komunikazio politikoaren egitura berri hori baliatu dezaketela.
Mezu komunikatiboen logikak horizontala izaten jarraitzen du, bai, baina gero eta gehiago, horizontaltasun hori behetik gorakoa da, goitik beherakoa baino. Hala, masak pertsonak izatera pasatu dira, euren berezitasun eta potentzial guztiekin, eta euren moduko pertsonekin komunikatuago daude alderdien ahots korporatiboekin baino. Berez, sarri profil korporatibo eta ofizialetatik botatako mezuek baino traszendentzia handiagorekin jarduten dute pertsonek sareetan.
Hartara, boteretze eta berezitasun horiek baliatu daitezke nortasun eta errelato politikoak, elkarrizketa digitalaren bitartez ere, modu demokratikoan askatasunez eraikitzeko. Oraindik aste bete geratzen zaigu hauteskunde kanpaina eboluziorik antzemateko.
*Julen Orbegozo Terradillos Komunikazio Politikoko irakaslea eta ikertzailea da EHUn. Jordi Morales i Gras Soziologian doktorea eta Network Outsight enpresako zuzendaria da.