GARA
LEGAZPI

Legazpiarrak prest daude Santikutz jaiei gogoz ekiteko

Gaur arratsaldean hasiko dira Legazpiko jai nagusiak, santikutzak, Cesar Carvallok txupinazoa bota eta pregoia irakurri orduko. Adin tarte eta gustu guztietako jendeak gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute Udalak eta herri eragileek. Txirrindulari klasikoa, danborrada, ganadu feria eta kontzertuak izango dira ospakizunen osagaietako batzuk. Floren Gutierrezek jasoko du Olaria saria, legazpiarren aitormen gorena, herriaren alde egindako lanagatik.

Legazpiarrak zain-zain daude, gaur arratsaldeko zazpietan Cesar Carvallok txupinazoa bota eta pregoia irakur dezan. Euskal Herria plazan lehertuko dira Santikutz jaiak, herriko ospakizun nagusiak. LEK erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejirarekin hasiko dira herritarrak festa giroan barneratzen, Elutxa txaranga lagun.

Bihar goizean, ekitaldi kuttun bat izango dute: Santikutz Txirrindulari Klasikoa, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duena eta 76. edizioa beteko duena jada. 9.00etan abiatuko dira txirrindulariak, eta 13.00 aldera itxarongo ditu jendeak Kale Nagusian, animatu, txalo jo eta ongi merezitako sariak emateko.

Giro ederra sortzen da txirrindularitzaren inguruan eta eguerdi partean, eta GARAko harpidetzak egiteko postua jarriko dute Arrano parean (ostiralean ere bai, leku berean).

Arratsaldean, haur eta gazte danborrada aterako da Laubidetik, Udalbatza txikia lagun. Ordubete pasatxoko ibilbidea egin eta gero Euskal Herria plazara iritsiko dira danborrariak eta Udalbatza txikia aurkeztuko dute bertan.

Arkume jana

Ostegunean, 11. Herriko Ganadu Feria egingo da Kale Nagusian, 9.30etik 13.30era arte. Legazpin hazitako arkumea prestatuko dute burruntzian. Txaranga ibiliko da kalez kale giroa alaitzen eta eguerdian sagardoa dastatzeko aukera izango da. Ondotik, arkume pintxoak banatuko ditu herriko Gure Esku Dago taldeak, bi euroren truke. Eta gosez gelditu ala ez, behintzat, haur eta familien herri bazkaria egin egingo da, Azokan. Janaria eramatea norberaren kontura izango da.

Familia giroan jarraituz, kantu eta dantza ikuskizunaz gozatuko dute Potx eta Lotx pailazoekin. Eta geroago, gauean, beste ekitaldi maite bat iritsiko da: herri danborrada. Laubidetik abiatuko dira, 23.00etan, eta gauerdian, herriko ikurrina jarriko dute Euskal Herria plazan, Legazpiko ereserkia jotzen duten bitartean. Danborradaren emanaldi nagusia ere orduan egingo da.

Ostiralean, Olaria saria emango diote Floren Gutierrezi, Legazpiren alde egiten duen lana aitortzeko. Hainbat ekimenetan parte hartzen du: alardean, danborradan, San Tomas Ferian, Agenda 21en, Erreka Egunean, Sustraiak dantza taldearen inauterietako konpartsan eta Izadi Zaleak mendi elkartean.

Maiatzaren 5eko Mirandaola Egunarekin amaituko dira jaiak. Udalak jakinarazi duenez, alkoholaren kontsumoari buruzko ekintza bat sartu dute programan. Helduen alkohol kontsumoa txikitzea eta nerabeek alkohol tantarik ez edatea ditu helburu. Ostegunean karpa bat jarriko dute, nahi duenak alkohol maila neurtzeko, baita gaian adituak diren profesionalekin mintzatzeko ere.