GARA
durango

Pertsona guztientzako eskubide guztien aldeko besarkada Durangon

35.597 lagun hil dira 1993tik Europara iritsi nahian. «Mare Nostrum» «Mare Mortum» bilakatu da. Maiatzaren 5ean injustizia hori salatuko dute Durangon eta kontinenteko hiri ugaritan.

Itsasoan itotzetik salbatu eta Europara ailegatzea lortzen duten milaka pertsona baldintza tamalgarrietan bizi dira, benetako kontzentrazio esparruetan, Europa hegoaldeko herrialdeetan. Bidean dauden emakumeek etengabe sufritzen dituzte sexu erasoak eta asko bahitu egiten dituzte pertsonen salerosketa sareek.

Egoera tamalgarri horren aitzinean beste alde batera begiratu beharrean, ahal dutenean laguntzen ari dira herritarrak. Durangon, adibidez, Europako hainbat hiritan bezala, pertsona guztien eskubide guztien aldeko besarkada antolatu dute maiatzaren 5erako. Zirkulazio librerako eskubidea aldarrikatuko dute bereziki, justu Europako hauteskundeen atarian. Bertako instituzioek hartutako norabidea aldatu eta eskuin muturra deslegitimatu behar dutela azalduko dute.

Eguerdian izango da hitzordua Durangon, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Eskubide Sozialen Karta osatzen duten antolakundeek herritarrak gonbidatu dituzte ekitaldi publikoan parte hartzera. Agertu dutenez, besarkada kolektibo batekin «elkartasuna eta desberdinen arteko parekidetasuna» irudikatuko dute, «oraingo jendarte hierarkiko eta zatituaren aurrean».

Ekintza honi babesa eman dioten pertsonen artean daude Juana Aranguren, Juanjo Alvarez, Adela Asua, Bernardo Atxaga, Joxerramon Bengoetxea, Garbiñe Biurrun, Joseba Sarrionandia, Gemma Zabaleta, Helena Franco eta Zelai Nikolas.

Salatu dutenez, mugak ezabatu behar zituen Europar Batasunak mundu osoan baino harresi gehiago eraiki ditu bere herrialdeen artean eta bere herrialdeetan, Trumpek berak baino gehiago. Kezkatuta daude gobernuek errefuxiatuak sistematikoki baztertzeko politikak onartzen dituztela eta, bereziki, eskuin muturreko indarrak gero eta leku handiagoa hartzen ari direla ikusita.