naiz

Seaskak elkarretaratzeak deitu ditu hainbat herritan ostiralean «murgiltze eredua babesteko»

Frantziar Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin negoziaketetan aritu dira Seaskako ordezkariak, hurrengo ikasturteko eskariari aurre egiteko beharrezko dituzten lanpostuak eskuratzeko. Oraingoz emaitzarik ez dagoenez, hainbat elkarretaratze deitu dituzte hurrengo ostiralerako, maiatzak 17, 18:00etan, Donibane Lohizunen, Baionan, Uztaritzen, Maule eta Donibane Garazin.

Jendetza bildu zen atzo Herri Urratsen. (Guillaume Fauveau)
Jendetza bildu zen atzo Herri Urratsen. (Guillaume Fauveau)

Seaskak Herri Urratsaren data ezarri zuen frantziar Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin negoziaketak isteko. Atzo iragan zen Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia eta, ohar baten bidez adierazi dutenez, oraindik ez dakite zenbat postu izanen dituzten hurrengo ikasturtean. «30 postu behar ditugu aitzineko urteko eskasak estali eta heldu den urtean sartuko den ikasle emendatzeari erantzuteko. Baina momentuz ez dugu proposamen seriosik ukan, Parisek postuak blokeatzen ditu», adierazi dute.

Frantziar Gobernuak euskal irakaskuntzaren aurkako politikarekin jarraitzen duela azpimarratu duta. «Ikastoletan, momentuz bost postu gehiago genituzke, baina hola ezinezkoa da heldu den sartzea antolatzea. Borondate hoberenarekin ere ezin ditugu 46 ikasleko gelak egin. Posturik gabe, ez dugu hitzarmenik».

Negoziazio epea amaitutzat emanda, «mobilizazio garaia» dela adierazi du Seaskak. «Murgiltze eredua babesteko, ikastoletan eta publikoan, zor digutena lortu arte mobilizatu behar dugu». Honen aurrean, hainbat elkarretaratze deitu dituzte hurrengo ostiralerako, maiatzak 17, 18:00etan, Donibane Lohizunen, Baionan, Uztaritzen, Maule eta Donibane Garazin.