Xabier Izaga

Kanpaina hasiera: Nafarroako giltza eta eguneroko purrustadak

Nafarroan asko dago jokoan, duela lau urte bezala. Orduan, hautestontzietako emaitzak herrialdearen soziologiarekin bat datorren gobernua osatzea ahalbidetu zuen; orain, ikusteko dago gobernu hori sostengatu duten indarrek abiatutako aldaketari segida emateko adina boto bilduko dituzten. Eta giltza, beste edozein lekutan sinetsezina litzatekeen arren, PSN izan liteke, 2015eko hauteskundeak arte urte askoan izan den modu berean. UPNri gobernatzeko atea zabaldu izan dion giltza, alegia. Orain UPNren eta Ciudadanosen gobernuaren atea zabaldu lezakeen giltza.

Xabier_Izaga_aurpegia
Xabier_Izaga_aurpegia

Egunotan jakin dugu Nafarroako Unibertsitate Publikoan medikuntza gradua eskainiko dutela. Bat baino gehiago harritu egingo zen horren berri irakurrita. Nolatan ez zegoen Nafarroako unibertsitate publikoan medikuntza ikasterik? UPNk eta PPk argi zeukaten: Opuseko Unibertsitatean badago ikasketa horiek egiteko aukera, eta irakaskuntza publikoan eskaintzeak unibertsitate pribatua kaltetu lezake. Horregatik Parlamentuan eskaintza horren aurka bozkatu zuten. Botazio hark Nafarroako bi ereduen arteko talkaren erakusgarri izan zen. Eta egunotan jokoan dago Opusen alde lerratuta dagoen eredua itzultzea, PSNk haren atea zabaltzeko giltza lortzen badu, behin eta berriro lerratu izan baita Opusekoen aldeko eredura, beste edozein lekutan sinetsezina izango zen arren. PSN, Nafarroako Alderdi Sozialista… Nafarroakoa? Sozialista?

Ereduen arteko lehian nor non kokatzen den ikusteko beste erakusgarri bat hauteskunde kanpainaren hasierakoa izan zen, Guardia Zibilaren 175. urteurrena ospatzeko egin zuten desfilea, hain zuzen. Han izan zirenen artean, PSN.

Euskal mendebaldeari dagokionez, EAJk ikutu barregarria jarri dio kanpaina hasierari, Ortuzarrek seinalea eman orduko abiatu duen leloarekin: EH Bilduren eta PPren estrategia partekatua. Halaxe dio duela hogeitaka urte Jose Maria Aznar sostengatu zuen alderdiak, duela zenbait hilabete Rajoiren aurrekontuen alde bozkatu zuen berak.

Penagarria da edozein eztabaidatan argudiorik eza irainak betetzea. PP horretan maisu da, eta joan den hileko kanpainan Javier Marotok Iñaki Ruiz de Pinedoren datuen aurrrean botatako purrustada lagin bat baino ez da. Ekonomiaz, osasungintzaz zein hezkuntzaz jardun behar dutenean, aspaldi luzeko komodina ateratzen dute: ETA. Gure sistema fiskala bidegabea dela…? Eta zuek etarrak zarete.

Jarrera eskas horretan aditua da PP, baina ez bakarra. Igandean Joseba Egibarrek ere atera zuen komodin zaharkitu hori, eta azalpenak eskatzen hasi zen. Asteburu honetan bertan, eta ez kasualitatez, auto istripu bat izan zuen euskal preso baten lagun batek. Autoa txikitu eta presoa bisitarik gabe geratu zen. Lagun hori, zorionez, onik atera zen. Inoren azalpenen premia gorrian bizi diren horietakoren baten azalpena entzungo ote dugu? Ez dakit Egibarren alderdiak azallpenen bat eman beharko lukeen, ez dakit inork eman behar lukeen ere. Nahikoa nuke senide edo lagun bat ikusteko hainbat kilometro egin behar dituztenen azken istripua izatea. Eta oso erraza da, azalpenik eman gabe ere.