Asier AIESTARAN

Urrutikoetxea da Buruz Buruko lehen finalista hasiera on bati esker

Zaratamokoa 14-4 aurreratu zaio Joseba Ezkurdiari eta, nafarrak bigarren erdian apur bat estutzea lortu badu ere, finalerako txartelak ez dio ihes egin bizkaitarrari (22-14).

Urrutikoetxea pilota astintzen (Monika DEL VALLE / FOKU)
Urrutikoetxea pilota astintzen (Monika DEL VALLE / FOKU)

Mikel Urrutikoetxeak bere hirugarren finala jokatuko Buruz Buruko Txapelketan datorren ekainaren 2an. Zaratamokoak 22-14 menderatu du Joseba Ezkurdia Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta finaleko aurkariaren zain geratu da, igandean Eibarren jokatzen duten Elezkano II.a edo Irribarria.

Partidaren gakoa lehen erdian egon dela esan daiteke. Ezkurdia ongi irten da kantxara, pilota bizi ateratzen zitzaion eskutik, baina hiruzpalau jokaldi gora-beheratsuren erruz burua apur bat galdu du.

Urrutikoetxeak bikain baliatu du egoera hori markagailuan ihes egiteko. 4-4ko berdinketatik 14-4kora joan da zuzenean, hamar tanto segidan eginda. Oso serio jokatu du Zaratamokoak eta neurketa oso alde ipini zaio.

Hortik aurrera, eta Ezkurdia apur bat lasaitu denean, saiatu da nafarra emaitza apur bat estutzen. Erabat ez, baina 14-7 eta 15-10 gerturatzea lortu du, eta bazirudien Urrutikoetxeari norgehiagoka luze egingo zitzaiola.

Baina 16-12koan, partida bizi-bizi zegoela, Urrutik sekulako tantoa egin du txokoan, eta hortxe amaitu da neurketa. Ezkurdiak behera egin du azken txanpan eta Urrutikoetxea 22-14 nagusitu da.