Idoia Eraso
BAIONA

Uztaritzeko bost zinegotziren dimisioa ez da kontuan hartu euskaraz egin zelako

Uztaritzeko auzapezaren eta bere taldeko bost zinegotziren arteko desadostasunak direla eta, azken hauek dimisioa aurkeztu zuten apirilaren 12an. Bruno Carrere alkateak, dimisioa euskaraz idatzia baitzen, ez zuen kontuan hartu, eta zinegotziek atzo igorritako gutunean haien erabakia berretsi egin dute, berriz ere euskaraz.

Uztaritzeko bost zinegotzik apirilaren 12an dimisioa emateko aurkeztu zute erabakia berretsi dute, berriro ere euskaraz. Bruno Carrere alkateak ez zuen aintzat hartu euskaraz idatzita zegoelako.

Zinegotziak Lore Aristizabal, Tomas Daguerre, Arnaud Ospitaletche, Jean-Pierre Lapeyrade eta Yves Machicote dira.

Lehen dimisio gutuna Eric Spitz Prefetari igorri zion Bruno Carrere auzapezak, eta honek euskaraz idatzia baitzen ezin zela onartu erantzun zion. Carrerek arrapostu hori helarazi zien bost zinegotziei, eta maiatzaren 23an eginen den udalbaltzara gonbidatu.

Taldeko bost zinegotziek Prefetari iritzia eskatu izana egotzi diote auzapezari, horretarako beharrik ez zela gaineratuz. Eta oroitarazi dute Uztaritze Bai! gehiengoko taldeko hauteskunde egitasmoan «uztariztar bakoitzak nahi duen hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatuko» dela idatzia dela.

Dimisioaren arrazoiak

Alkatea eta bere taldeko kideen arteko gatazka 2018ko irailean abiatu zen. Uztaritze Bai! taldeko prestakuntza bilkura batean zinegotzi baten kanporatzea eman zuen Carrerek gai-zerrendan, beste kide baten gutun anonimoan oinarrituta.