Unai Rementeriak Bizkaiko ahaldun nagusia izaten jarraituko du datozen lau urteetan. EAJk nagusitasun osoz irabazi ditu foru hauteskundeak eta boz gehien jaso dituen alderdia izan da. 250.000 boz baino gehiago jaso dituzte jeltzaleek, 2015ean baino 40.000 gehiago. Rementeriak kanpainan zehar sare sozialetan egindako adierazpenek, egunean 17 ordu lan egiten dituen “Andoni arrain saltzailea” goraipatuz, ez dute eraginik izan hauteskundeetan. EAJk aise irabazi du berriz Bizkaian, baina, gainera, bozetan gora egin du eta gehiengo osoa lortzetik oso gertu geratu da 25 batzarkiderekin. 23 lortu zituen 2015ean. Ia bost puntuko igoerarekin, botoen %43ra iritsi da, eta batzarkide bat soilik falta izan zaio gehiengo osoa erdiesteko.
Beste alderdien emaitzei begiratuta, EH Bildu eta PSEk lortutakoak nabarmendu behar dira. Koalizio subiranista bigarren indar gisa mantentzen da 10 batzarkiderekin –2015ean 11 lortu zituen–, eta PSE hirugarren tokian kokatu da 8 ordezkari lortu eta emaitzak nabarmen hobetuz. Bestalde, Elkarrekin Podemosek 2015ean lortutako 6 batzarkideak errepikatu ditu eta PPk, azkenik, behera egin du, 2 ordezkarirekin geratuz.
Argitaratutako inkestek aurreikusten zituzten emaitzak bete egin dira Bizkaian eta EAJren eta PSEren arteko akordioa indarturik atera da. Azken lau urteetan Bizkaiko Aldundia gobernatu duten bi alderdiak euren arteko akordioa errepikatzeko moduan daude hurrengo legegintzaldian. Izan ere, jeltzaleekin batera gobernatu duen alderdiak ere emaitzak hobetzea lortu du Bizkaia mailan, Bilbon gertatu den bezala. 20.000 boz gehiago eskuratu dituzte sozialistek eta boto portzentajean ere ia lau puntu eta erdiko igoera izan dute, %12tik %16ra.
Hala ere, poza ez da erabatekoa izan PSErentzat. Barakaldon apustu handia egin zuten Lakuako Turismo sailburu izandako Alfredo Retortillo alkategai jarrita, baina EAJk 2015ean lortutako garaipena berretsi du. Aurrekoan boz gutxi batzuengatik nagusitu bazen, oraingoan 5.000 boz baino gehiagoko aldea lortu du Amaia del Campo jeltzaleak. 11 zinegotzi lortu ditu EAJk, eta, PSEk, 8.
Zapore gazi-gozoa
EH Bilduk emaitza gazi-gozoak lortu ditu Bizkaia mailan. Batzar Nagusietan boz kopuruan igotzea lortu du koalizioak. 115.000 bototik gora lortu ditu, orain dela lau urte lortutako 106.000 bozak gaindituz. Batez bestekoan ere gora egin du %19ra iritsita, baina ordezkari bat galdu du. Hala ere, 10 batzarkiderekin bigarren indarra eta oposizioaren burua izango da EH Bildu Batzar Nagusietan.
Bizkaiko zenbait herritan ere lehen indarra izatea lortu dute subiranistek, esaterako, Arakaldon, Elantxoben, Muxikan, Berriatuan, Munitibarren, Mañarian, Nabarnizen, Meñakan, Ziortza-Bolibarren, Izurtzan, Arantzazun, Otxandion eta Urduñan. Nabarmentzekoa da Alonsotegin lortutako garaipena, non eta Iñigo Urkullu lehendakariaren jaioterrian. Ondarroan, Larrabetzun, Zaldibarren eta Lemoan ere gailentzea lortu du EH Bilduk.
Garaipen garrantzitsua lortu du koalizioak Bakion ere, lehendabiziko indarra bilakatuz. 2015ean alkatetzara iristea lortu zuen EH Bilduk lehenengo aldiz, horretarako independenteen babesa eskuratuta. Oraingo honetan, baina, lehen indarra izan da EH Bildu EAJren aurretik. 775 boz eta bost zinegotzi lortu ditu EH Bilduk eta EAJk lau zinegotzi eta 539 boz. Orain dela lau urtetik, beraz, aldaketa handia.
Porrot mingarriena Bermeon jaso du EH Bilduk. Azken lau urteetan kostaldeko herria gobernatu ondoren, EAJk garaipen garbia lortu du 4.223 boz eta 9 zinegotzi lortuta. 2015ean 3.000 boz jaso zituzten jeltzaleek eta EH Bilduk 3.200. Igande honetan, aldiz, 2.501 boz izan ditu EH Bilduk eta bost zinegotzitan geratu da. Beraz, ezingo du alkatetza errepikatu.
Plentzian ere alkatetza galduko du EH Bilduk. 2015ean independenteen babesarekin heldu zen alkatetzara EH Bildu, EAJ kanporatuz. Oraingoan, ordea, jeltzaleak nagusitu dira. Hala ere, emaitza oso onak eskuratu ditu EH Bilduk eta gutxigatik galdu du jeltzaleen aurka.
Bizkaiko udalerrietako emaitzekin jarraituz, Getxon ere garaipen garrantzitsua erdietsi du EAJk. 11 zinegotzi lortu ditu, 2015ean lortutako emaitzak hobetuz. PP izan da bigarren indarra Getxon 5 zinegotzirekin, nahiz eta bozak galdu dituen. EH Bilduk gora egin du botoetan, baina zinegotzi kopuru bera lortu du (4). PSE 2tik 3ra igo da.
Lekeition, Gernikan eta Durangon ere EAJ gailendu da. EH Bilduk aldea murriztea lortu du Durangon eta aukera izan dezake alkatetza lortzeko Podemosen babesa eskuratuz gero. Sestaon eta Santurtzin EAJk irabazi ditu hauteskundeak PSEren aurretik, eta EH Bilduk gora egin du boz zein zinegotzi kopuruan.