Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Pablo Antoñanaren azken eleberriaren itzulpena aurkeztu dute Iruñean: ‘Odola oroi’

‘Relato cruento’ izan zen Pablo Antoñana (1927-2009) idazleak idatzi zuen azken eleberria 1977an. ‘Egin’, GARA, ‘Diario de Navarra’, ‘Diario de Noticias’ eta ‘Navarra Hoy’ hedabideen kolaboratzaile izan zenaren liburua itzuli du Luis Mari Larrañagak. Gaur «hizkuntza eta historia klasea» den eleberria aurkeztu du itzultzaileak Iruñeko Katakrak liburudendan. Antoñanaren alabak, Elvira Antoñana eta Blanca Antoñana; emaztea, Elvira Sainz; eta idazlearen lanen aditua den Toño Murok parte hartu dute solasaldian.

Luis Mari Larrañaga, Elvira Antoñana, Blanca Antoñana eta Toño Muro Katakraken. (Iñigo URIZ/FOKU)
Luis Mari Larrañaga, Elvira Antoñana, Blanca Antoñana eta Toño Muro Katakraken. (Iñigo URIZ/FOKU)

‘Odola Oroi’ honetan mende erdiz bereizitako bi gerretako, 1874ko karlistaldiko eta 1936ko gerrako, antzeko bi gertakari tartekatzen dira. Antzekoak dira ere, Luis Mari Larrañagaren iritziz, bi gerra horien azpian dauden elementuak: «Jainkoa, aberria eta erregea».

Hala ere, eleberria istorio pertsonaletan oinarritzen da, dimentsio handiagoko elementu nagusia azaltzeko: gerra. Gerra, «nahiz eta parte hartzen dutenek ez dakite zergatik egin behar duten gerra», dio Larrañagak. Izan ere, bi bandoetan barneratu gabe, nagusi eta morroien arteko talka islatzen du eleberriak, hauen arteko harremana, «miseria fisiko eta morala» azaleratuz. «‘Odola Oroi’ historia klase bat da, historiaren zati bat. Herriari buruz ez dakigu askorik eta herriak nola jo zuen gerrara eta honi nola erantzun zion argitzen da eleberrian», azaldu du itzultzaileak.

Hirugarren elementu bezala Eliza eta honen jarrera aipatu ditu Larrañagak, obran azaltzen den apaiz baten hitzekin azalduta: «Elizaren ahotsak agintzen du eta gaurtik aurrera 5. manamendua, ez duzu inor hilko, eten egingo da». Hortaz, gerrak eragindako zentzugabekeria, muturrera eramandako miseria eta errukitasuna nahasten dira eleberrian. Baita odola ere. «Hasieratik amaierara dena da odola», dio Larrañagak.

Izan ere, Valle-Inclan, Faulkner eta Dostoyevski izan zituen eredu Antoñanak, hauek 50eko hamarkadan puztu zen errealismo sozialarekin egokitzen ez direnean. Valle-Inclanen idatzietatik edoski zuen idazleak, eta hizkera zehatz eta aberatsetik abiatuta, eleberri zorrotza idatzi zuen, landa munduan erabiltzen den lexikoa erabiliz. «Zaila da horrelako hitzak itzultzea, lexikoa oso garrantzitsua da bere obran», adierazi du Larrañagak.

Heldutasuna

Heldutasuna aurkitzen du Antoñanak idatzitako azken bi eleberrietan, Toñi Muroren iritziz. Idazlearen lanen aditua denak ‘La cuerda rota’ eta ‘Odola oroi’ obretan «narraziogintza nabaritzen» dela dio, aurreko lau eleberrietatik aldenduz. Gaur aurkezten zen obran, aldiz, «familia baten suntsipena» kontatzen du.

Ildo beretik eta kronika txiki gisa, 36ko gerra eta 1874ko gerra karlisten inguruko kontakizunak tartekatzen dira, eta, Muroren hitzetan, heldutasuna lortzeko, indar literario bezala ulertuta, bide horretan erabakigarria izan ziren ‘Diario de Navarra’n publikatutako artikuluak. Igandean argitaratzen ziren zutabe horietan, Antoñanak gertakizun txikiak kontatzen zituen, askotan XIX. mendean oinarritutakoak.

Horrela, narrazio teknikoa, sintaxia eta estiloa landu zituen idazleak, 68an bere estilo propioa garatu arte, gaztelaniazko literaturan aldaketa handia gertatu zenean: Hegoamerikako idazleen eztanda. Errealismo magikoaren estetika horretan, Victor Manuel Arbeloaren hitzak bere egin ditu Murok, Antoñana «gure Garcia Marquez» izan zela nabarmenduz.

Bestalde, obra eta lortutako heldutasun hori ulertzeko trantsizio garaiaren testuingurua ulertu behar dela dio Murok. Izan ere, Jose María Jimeno Jurio historialariarekin batera, Antoñanak artxibo lana egin zuen gerra garaiko errepresioaren inguruan eta horrek zerikusia dauka eleberriarekin.

Gainera, idazlearen bi alabek baieztatu duten bezala, «jatorrizko bertsioa ez da batere erraza» eta, hori kontuan hartuta, «itzulpen aberatsa» egin dela goraipatu du Murok. «Oso pozik gaude eleberri hau euskarara itzuli delako», azaldu dute Antoñanaren alabek.