Podemosek –gerora Elkarrekin Podemos EAEn– 2015eko abenduko Estatu mailako hauteskundeetan eman zuen danbatekorik indartsuena Hego Euskal Herrian, lehen indarra bilakatu baitzen –2016koetan ere bai–, baina hilabete batzuk lehenago izandakoetan ere oso emaitza onak izan zituen, bai herrietan, baita Batzar Nagusietan eta Iruñeko Parlamentuan ere. Lau urte igaro direnean, aldiz, olatutzar horren aparra baino ez da geratzen, eta orduan jaso zituen boto asko jatorrizko lekura itzuli dira, beste alderdietara gehienak eta etxera batzuk.
2015ean Podemosek, Irabazik eta Izquierda-Ezkerrak, nor bere aldetik aurkeztuta, ia 240.000 boto eskuratu zituzten orotara; aurten, Elkarrekin Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak 100.000 boz gutxiago lortu dituzte.
Jaitsiera oso handia izan da herrialde guztietan, baina are nabarmenagoa Nafarroan; hor Ahal Dugu-Podemosek botoen bi heren galdu ditu, %5etik behera geratuz. Izquierda-Ezkerrak ez du horren gainbehera handirik izan, baina ez da 10.000 boto jasotzera heldu, eta, are gehiago, zalantzan dago Parlamentuan aulkiren bat izateko aukerarik izango ote duen. Izan ere, oraindik botopaperen %1,86 zenbatzeke daude –bihar zenbatuko dituzte–, eta ezkerreko alderdia ozta-ozta heltzen da ordezkaritza izateko ezinbesteko %3ko langara. Azkenean helduko ez balitz, eskuratu duen parlamentari bakarra galduko luke. Mikel Builek gidatzen duen indarrak, aldiz, bi aulki lortu ditu, aurrekoan baino bost gutxiago. Sekulako kolpea.
Araban, erdiak baino gehiago
Baina Nafarroan bakarrik ez, Araban ere ez da txikia izan. Herrialde honetan Podemosek eta Irabazik 9 biltzarkide lortu zituzten aurreko hauteskundeetan; igandean, aldiz, laurekin konformatu behar izan zuten, erdiak baino gehiago galduta.
Botoetan ere, ia erdiraino erori dira, eta kostata gainditu dute 16.000 bozen marka. Zifra txikia, kontuan hartuta 2015ean, Kongresurako hauteskundeetan, 55.000 lagunen babesarekin lehen indarra bilakatu zela.
Aurreko adibideekin konparatuta, Bizkaian eta Gipuzkoan pairatutako galerak ez dira hain handiak izan, baina ez dira nolanahikoak ere. Azken honetan batez ere; Podemos eta Irabaziren artean 51.548 boto erdietsi zituzten duela lau urte, eta iragan igandean ez ziren 33.000ra heldu. Ia 20.000 boto eta bi biltzarkide galdu dituzte bidean.
Bizkaian eutsi dio alderdi moreak ondoen, eta 2015eko biltzarkide kopuru bera –sei– mantendu dute, baina hala ere botoen heren bat joan zaie.