NAIZ+

Selektibitatea prestatzeko ikastaroak, Hondarribiko gaztetxean

Jakintza kolektibizatu eta elkarren artean ikasteko, datorren astean izango den Selektibitatea prestatzeko ikastaroak eskainiko ditu Hondarribiko gaztetxeak.

Ikasleak, selektibitatean, iaz Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Ikasleak, selektibitatean, iaz Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Datorren astean, ekainaren 5etik 7ra izango da unibertsitatera sartzeko froga Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ikasleentzat. Egun bat lehenago hasi eta egun bat lehenago bukatuko dute Selektibitatea Nafarroako ikasleek. Bidasoa ibaiaren iparraldean aldiz, Baxoari egin beharko diote aurre ikasturte amaiera honetan. Goi mailako ikasketak ahalbidetzea eta unibertsitaterako sarrera bideratzea dute helburu bi froga hauek. Haatik, muga eta traba gisa bizi dute azterketa hau ikasle askok, izan ere, ikasturte osoan ikasitako jakintzak hiru egun eskasetan frogatu beharko dituzte.

Froga hauek egin eta gainditu behar dituzten gazteak urduri dira egunotan, ahal duten bezain ongi egin beharko baitute azterketa euren etorkizunari gogotik heltzeko. Helburu horretan laguntzeko, Hondarribiko gaztetxeak Selektibitatea prestatzeko ikastaroak eskainiko ditu.

Atzo abiatu ziren eskola orduak eta Historia landu zuten ikastaroan. Gaur Matematika eta latinaren ordua izango da, biak 18.00tatik antzina. Bihar, asteazkenarekin, berriz eutsiko diote Historiaren ikasgaiari. Ostegunean, ostera, Filosofia, Matematika eta Gaztelaniaren txanda izango da.

Jakintza kolektibizatu eta elkarren artean ikasi nahi dute Hondarribiko ikasleek.