IDOIA ERASO

Biziko sei militante eta zerikusirik ez zuen beste pertsona bat atxilotu zituen Poliziak

Macronen erretratoak bost herriko etxetan kentzeagatik Biziko sei militante eta zazpigarren pertsona bat atxilotu zituzten asteartean. Biharamunean, 29 orduren ondoren, denak aske gelditu ziren. Oraingoz ez dituzte epaitegira deitu. Poliziaren operazioa «surrealistatzat» jo du Bizik eta hartutako bost argazkiak lortzeko sei miaketa egin dituztela eman dute ezagutzera. Presidente frantsesaren erretratuak kentzen jarraituko dutela jakinarazi dute. 

Biziko kideen elkarretaratzea Donibane Lohizuneko komisaria atarian. (Bob EDME)
Biziko kideen elkarretaratzea Donibane Lohizuneko komisaria atarian. (Bob EDME)

Emmanuel Macronen ingurumen politika salatzeko eta presidentearen erretratuak kentzeagatik Bourg-en-Bressen (Auvernia) epaituak izan diren sei militanteei sostengua adierazteko, ekintza eguna izan zen asteartea Estatu frantses osoan. Bizik bost argazki kendu zituen, Bidarte, Arrangoitze, Getaria, Donibane Lohizune eta Senpereko herriko etxeetan, eta horren ondorioz zazpi pertsona atxilotu zituen Poliziak. Asteazkenera arte atxiki zituzten.

Bizitik atxiloketak eta polizia-operazioa nola iragan zen jakinarazi dute agiri bidez. Bost militante eguerdi aurretik harrapatu zituzten, Hendaiatik Ziburura zihoazela. Donibane Lohizuneko polizia-etxera eraman zituzten, eta hiru Baionako komisariara lekualdatu zituzten gero.

Bizirekin inolako harremanik ez duen pertsona bat ere atzeman zuen poliziak. Ekintza gauzatzen ari zen bitartean, Getarian lanean ari zela, «kamiseta militante» bat zeramanez, poliziak bere matrikula zenbakia hartu zuen, eta bere etxean atxilotu zuten gero. «Kamiseta horrek biharamunera arteko atxiloa ekarri dio!» salatu dute mugimendutik.

Biziko azken kide bat arratsean atzeman zuten, eta Angeluko komisaldegira eraman ondoren, Baionara lekualdatu zuten. Aitor, Anne, Fabien, Mathilde, Nerea eta Romain dira atzeman zituzten sei militanteak, eta atxilotuta zeuden bitartean hitzik ez dutela egin jakinarazi dute.

Sei miaketa

Asteartean sei miaketa izan ziren kendutako presidentearen irudiak berreskuratzeko, eta horretarako ate bat birrindu zuten. Erretratuak, ikurriña eta Biziko bandera batekin batera agertzen zituen argazkia prentsara igorria, eta sare sozialetan hedatua izan zen 13.30ean, Bourg-en-Bressen epaiketa abiatzen zen momentuan.

Ekintza gauzatzen ari zen bitartean «operazio polizial surrealista» izan zela salatu dute Bizitik: «Poliziak eta gendarmeak ikusi ditugu kostaldeko hainbat herriko etxeetan sartzen erretratuak beraiek kentzeko, edo kenduarazteko, gero gordetzeko, horrela biderkatuz kenduak izan diren Macronen erretratuen kopurua».

«Energia, baliabideak eta diru pila ematen dira, sinbolikoaz gain inolako baliorik ez daukaten argazkiak babesteko, desoreka klimatikoaren arduradunei inpunitate osoan jarraizen uzten zaien bitartean». Adierazpen honekin batera mugimendu ekologista eta altermundialistatik jende guztia Macronen erretratuak kentzera deitu dute. «Errepresioa ez da ezer gure geldotasunak, gure haurrei ekarriko dien infernuarekin konparatuta» salatu dute.