Nerea GOTI
BILBO

Prekarietatearen eredua eraldatzeko martxak antolatu ditu Ernaik datorren asterako

Ernai gazte antolakundeak martxak egingo ditu eskualdeetan datorren astean. Tokian tokiko egoerara egokitutako mezuekin, prekarietatea ardatz duen egungo eredua eraldatu eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema politiko, sozial eta ekonomikoa eraikitzeko aldarriak mahaigaineratuko dituzte mobilizazio horietan. Ekimena Gasteizen itxiko dute, hilaren 15ean.

Izar Hernando eta Asier Zamorano Ernaiko kideak, Bilbon, (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Izar Hernando eta Asier Zamorano Ernaiko kideak, Bilbon, (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Izar Hernando Ibero eta Asier Zamorano Arri Ernaiko kideek agerraldia egin dute Bilbon ikasturte hasieratik martxan duten eztabaida eta ondorioen berri eman eta, aldi berean, datorren astean Hego Euskal Herriko eskualde ezberdinetan antolatu dituzten mobilizazioak iragartzeko. «Martxa prekarioak» deitu dituzte eta datorren asteko asteburuaren atarian izango dira. Ekimena hilaren 15ean itxiko dute Gasteizen aldarrikapenak mobilizazio eta jarduera ezberdinetan islatuz.

Esan dutenez, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu politiko, sozial eta ekonomikoren aldeko borroka defendatzen du Ernaik, eta horren kontrako muturrean prekarietatea ardatz duen egungo «sistema kapitalista heteropatriarkala» dago.

‘Bizitzak gure neurrira’ dokumentua plazaratu dute gazte antolakundearen mezu politikoa eta aldarrikapenak gizarteratzeko. Esan dutenez, erabakitzeko eskubidearen defentsa elementu zentraletako bat da, eta ez bakarrik nazio izaeraren ikuspegitik baizik eta «eguneroko politikak erabakitzeko tresna» bezala ulertuta, gazteek behar duten «parte harzte erreal eta aktiboa» bermatzeko. Horren harira «parte hartze prozeduren sistematizazioa» planteatzen du Ernaik.

Eskubide indibidual eta kolektiboei dagokienez, «Euskal Herrian lan egin eta bizi den oro« euskal herritarra dela nabarmendu eta dagozkion eskubide guztiak aitortu behar zaizkiola adierazi dute. Esplotazioa ere aipatu dute, eta atal horretan «lan bera, soldata bera» mezua nabarmendu dute, «kontratatzio ereduen erabateko berrikuspena» planteatuz.

Aipatu dutenez, prekarietateak bizitzaren arlo ezberdinak gurutzatzen ditu, eta testuinguru horretan kokatu dituzte etxebizitzaren egoera edota egungo aisialdi ereduak. Esan dutenez, etxebizitza «eskubidea» izan beharrean «merkantilizatu» egin dute. Atal honetan etxebizitza eskaintza publiko duinak exijitzen dituzte, baita praktika komunitarioei babesa eta sostengua ematea.

Aisialdiri dagokionez, honen merkantilizazioa salatu dute gazteek. Dokumentuan planteatzen dutenez, «lanaren bestelako banaketa sozial bat egingo bagenu bizirauteari denbora gutxiago eskainiko genioke eta askoz baliabide gehiago izango genituzke garapen sozialerako». Atal honetan, jokoaren aurkako neurri mugatzaileak zorroztea planteatzen dute eta kultur eta musika adierazpen herrikoei babesa, besteak beste.