NAIZ

Realak Ander Guevara gaztearen kontratua 2024ra arte luzatu du

Erdilaria harrobiko jokalari preziatuenetako bat da eta akordio berriarekin klubak errotik moztu ditu beste talderen batera joateko zurrumurruak.

Aperribay eta Guevara, kontratua sinatu ostean (REAL SOCIEDAD)
Aperribay eta Guevara, kontratua sinatu ostean (REAL SOCIEDAD)

Ander Guevarak gaur goizean sinatu du bere kontratu berria Realarekin. Erdilari gasteiztarraren lotura talde txuriurdinarekin 2020ko ekainean amaitzen zen, eta akordio berriari esker 2024ko ekainera arte jarraituko du Donostian.

Guevarak 21 urte ditu –San Fermin egunean egingo ditu 22– eta Zubietako harrobiak azkenaldian eman duen jokalari preziatuenetako bat da. Joan den martxoan egin zuen debuta Lehen Mailan Realarekin eta datorren denboraldian lehen taldeko jokalaria izango da.

«Oso egun berezia da niretzat eta nire familiarentzat. Orain dela zazpi urtetik, maletak egin genituenetik Donostira etortzeko, lehen taldera iristeko ametsa nuen eta, orain, lortu dudala, oso harro sentitzen naiz», adierazi du jokalariak Realaren web orrian.

«Ez naiz donostiarra ez gipuzkoarra, baina Realak niregatik egin zuen apustu eta gazte orok behar dituen baloreak irakatsi dizkit. Reala nire etxea da eta kontratu berrikuntza hau eta lehen taldera salto egitea oso berezia da niretzat», gehitu du arabarrak, lehen taldean minutuak jokatzea «oso zaila» izango dela jakitun, baina «ilusio izugarriarekin, prest nago hamaikakoan postu batengatik borroka egiteko eta uneoro izango dudan rola aurrera eramateko».

Lagun arteko bi partida

Hurrengo aurre denboraldira begira, Realak lagun arteko bi partida jokatuko ditu Ingalaterran bertako taldeen aurka. Uztailaren 26an Nottingham Forest izango du aurkari, 20.45ean hasita, eta 27an Millwall izango du aurrean 15.00etan hasita.