Zahartzaro aktiboa izatea helburu, tipi-tapa oinekin zein gogoarekin
DONIBANE LOHIZUNE ETA HENDAIA ARTEKO ERLAITZEAN 50 IBILTARI ADINEKO BILDU ZIREN ATZO GOIZEAN. EZ ZIREN GAZTEAK, EZ, BAINA HORRELA ZIRUDITEN. ETA EZ DA HARRITZEKOA, ZAHARTZARORAKO BIDEA AKTIBOKI IBILTZEA BAITUTE XEDE: EHUK ZAHARTZE AKTIBOARI BURUZ ANTOLATU IKASTAROAN TEORIA PRAKTIKAREKIN UZTARTZEN ARI DIRA.
Donostian autobusa hartuta Donibane Lohizunera ailegatu ziren atzo goizean “Gogoetak bidean: zahartzea pertsona guztientzako aukera bilakatzen denean” ikastaroan izena eman duten 50 pertsonak. Euskal Herriko Unibertsitateko antolatzaileek eta zenbait irakaslek lagunduta, berriz Gipuzkoarako bidea oinez egiteko prest ziren. Izan ere, atzotik hasi eta bihar arte, oinez ari dira praktikan jartzen ikastaroak hizlarien bitartez zabaldutako teoria. Egunak oinez hasi eta askotariko adituen egindako aurkezpenekin amaitzen dituzte.
Parte hartzaileen artean, gehienak 60 eta 65 urte arteko emakumeak dira, asko erretiroa hartu berri dutenak edo erretiroa hartzear direnak. Gizon bakar batzuk ere badira tartean, baina gizonezko gehienak unibertsitateko irakasle eta ikerlariak dira.
Ibiltari ikasleei ikastaroan izena eman izanaren arrazoiz itaunduta, askotariko erantzunak jaso genituen atzokoan: amodio propioa, gorputza zaintzeko nahia, norberaren zaintza, ikasteko gogoa... Geldotasunaren arriskuak ere azaleratu ziren, gogo eta adore ezak gaina hartzeko beldurra hain zuzen ere. «Telebista oso arriskutsua da!», onartu zuen parte hartzaile batek.
Ikastaroaren zuzendaritza Javier Gil Goikouria eta Jon Irazusta Astiazaranek partekatzen dute. Azaldu zutenez, iritzi trukea bultzatzea, aukera ezberdinei buruzko gogoeta sustatzea, zahartzaro osasuntsua ahalbidetzea eta bizi kalitatea hobetzea dituzte helburu. Euskal Herriko txokorik politenetako batzuk bisitatzea ere badute helburu, eta, atzokoan, Donibane Lohizune eta Hendaia arteko itsasbazterrean paseatzean, horretarako aukera izan zuten.
Gogoetak bidean egiten direla dio ikastaroaren izenburuak, eta horrela izaten ari da, bai antolaketa mailan, ibilaldiekin tartekatzen diren hitzaldiekin, baita ibiltarien artean partekatzen diren esperientziengatik ere. Talde ibilaldietan gertatu ohi den bezala, jende berria ezagutzeko aukera ere bada ikastaroa. Gainera, interes berdinak dituzten pertsonekin elkartzeko aukera bikaina ere bada. Agerian geratu zen hori atzo, Donibane-Ziburuko badia atzean utzi eta itsaso zabalaren pareko erlaitzean oinez zihoazela Elena Mediavilla eta Eugenia Martin lagunak Elena Garratearekin topo egin zutenean. Azken horrek Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen duen Giza Zientzien tituluaren berri eman zien. Azterketarik ez dagoela azaldu zien, «ikasteak berez sortzen duen plazer hutsagatik» egiten dela, eta, horregatik, «%100 gomendagarria» dela. Lau urteko iraupena duen titulu hori ikasteko 55 urte baino gehiago izan behar dira, eta, izenak aditzera ematen duen bezala, gizakiarekin eta gizartearekin lotutako gai anitz jorratzen dituzte: historia, zuzenbidea, elikadura, zinema, euskara, ingelesa...
Garrateak 69 urte ditu, eta izena emateko hurrengo urtera itxoiten ari da, 70 urtetik goitikoentzako kopuru jakin bat gordetzen baita. Ildo horretan, kontuan izan behar da matrikulatzea eskatzen dutenen artetik hirutik batek ez duela sartzea lortzen. Bien bitartean, bere egungo erronka euskara dela azaldu zigun Garrateak, euskaldun zaharra bada ere, euskaraz alfabetatu nahi baitu unibertsitatera joango denerako.
Titulazio horretako irakaslea den Amaia Irazusta Astiazaran ere ibiltarien artean zen. Irakasleak egunotako ikastaroan parte hartzen ari diren pertsonen herenak titulu horretako ikasleak direla azaldu zigun. Bertan sortzen den giroak berak ere zahartzaro aktiboan eragina duela agerian gelditu zen, izan ere, azken asteetan ikasle talde batek Jordaniara bidaia egin duela kontatu zigun.
Unibertsitateko irakasleak
Zahartzaroaren eremuan lan egiten duten unibertsitate munduko zenbait lagun ere ari dira ibilaldia egiten, Brasildik etorritako Nubia Lima kasu. Rio Grande del Norte Unibertsitate Federaleko irakaslea da, eta proiektukide duen Ana Rodriguez Larrad EHUko irakaslearen eskutik ari da parte hartzen. Zahartze aktiboari buruzko kolaborazio zientifiko baterako proiektu bat gauzatzeko hurbildu da Euskal Herrira. Brasilgo unibertsitatea, Madrilgo Konplutentsea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea ari dira egitasmoa garatzen.
Zahartzeari buruz Europan eta Brasilen dauden ikuspegiak ezberdinak direla azaldu zigun Limak. Ozeanoaren bestaldean zahartzaroa «askoz sedentarioagoa da, bai jarduera fisikoa egiteko gune gutxiago daudelako, bai arrazoi kulturalengatik». Adibide gisa emakumeek ezkondu eta gero mugitzeko, dantzatzeko eskubiderik ez dutela azaldu zuen. Zahartze kognitiboari buruz, berriz, adineko gehienek hezkuntzarik jaso ez dutenez, aktiboak izatea zailago dutela gaineratu zuen. Europan, aldiz, «jarduera fisikoaren eta hobetzearen kultura» egon badaudela nabarmendu zuen.
Ikerkuntzan eta doktoretza egiten ari diren Ander Espin eta Iñaki Etxeberria gazteak atzean jarri zituzten atzokoan antolatzaileek, bukaera ziurtatzen. Espin fisioterapeuta da eta Ageing ON proiektuan ikertzaile lanetan ari da. Adineko jendea laguntzen lan egiten dutenen ikuspegitik begiratzen dio auziari: «Zaintzaileek lan karga handia izaten dute, bai fisikoki bai psikoafektiboki ere». Gizartean egun oraindik gai horrekiko sentsibilitatea garatu behar dela azpimarratu zuen, eta horrekin batera adineko pertsonengan zaintzaileek duten garrantziari buruzko datu esanguratsua eman zigun: egoitzetan dauden adinekoek, zaintzaileek emandako tratuaren arabera, ospitalizatuak izateko zortzi aldiz aukera gehiago dauzkate.
Ospitalizazioaren ostean ariketa fisikoak duen garrantziaren inguruan aritu zitzaigun Etxeberria. Doktoretza EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen artean egiten ari da. Mugaren bi aldeak ezagututa, Estatu frantsesean «ibilmolde egokiagoa» dutela azaldu zuen, bertan errekuperazio fisikorako tratamenduak ospitalean bertan hasten direlako.