«Guk herri-ametsa dugu eta ametsa gauzatzeko lan egitea da gure konpromisoa –adierazi du Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak bere hitzaldian–. Herri libre eta justuarekin amesten dugu. Pertsonak libre eta aukera berdintasunean biziko diren herria da gure ametsa. Ama lurra errespetatuko duen herria».
Beren ametsetako herria eraikitzeko aurkeztu dute, hain zuzen, beren hautagaitza, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietatik bai Foru Aldunditik ere bide horretan lan handia egin dezaketela konbentzituta daudelako.
Izagirre medikua da eta terminologia medikua erabiliz, azaldu du ametsetako herrira nola joan nahi duten azaldu baino lehen ezinbestekoa dela diagnostiko on bat egitea.
Egoeraren diagnostikoa
Erran duenez, ezin da ukatu gipuzkoarrek orokorrean bizi kalitate ona dutela. Baina bistan da herritar ugari egoera zail edo larrian daudela. Hementxe, BBNNen eraikinaren kanpoaldean, Egogain egoitzako langileak beren aldarrikapenak egiten ari direla azpimarratu du.
«Jatorri ezberdineko pertsonak, baztertuak sentitzen direnak; menpekotasunen bat dutenak, beren egoerari nola aurre egin ez dakitenak; baserritarrak, baserria utzi eta nola bizi behar duten beren buruari galdetzen diotenak; denda baten jabeak, inpotentziaz bezeroak beste lekuetara nola joaten diren ikusten dutenak; enpresa familiarrak edo lagun gutxi batzuenak, trantsizio teknologikoa egitea ezinezko ikusten dutenak; erraustegiaren arriskuak ikusita arduradun politikoekin beste aukerez eztabaidatu nahi duten herritarrak eta kasurik ez dietela egiten ikusten dutenak; emakume zapalduak; pentsio duina eskatzen duten jubilatuak...». «Bigarren mailako sentitzen diren» gipuzkoar aunitzen profilak aipatu ditu Izagirrek.
Eta ez ditu ahantzi presoak eta senideak, etxekoekin egoteko ehunka kilometrotara joan behar duten gipuzkoarrak.
Gobernu programa
Diagnostikoaren ondotik, gobernu programaren oinarriak agertu ditu Juan Karlos Izagirrek. Lehenik eta behin, jendarte justuago bat eraiki nahi dutela aipatu du. Horretarako ezinbesteko ikusten dute aberastasuna ongi banatzea, pertsonen duintasuna ziurtatuko duten zerbitzu publikoak izatea, lan baldintza eta pentsio duinak bermatzea, sektore ekonomikoen arteko oreka lantzea eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea.
Lurralde orekatuaren eta ingurumena errespetatzearen aldeko konpromiso irmoa dutela erantsi du. Eta Euskal Herrian kokatu du Gipuzkoa. «Ezin dugu ahaztu herri baten parte garela, eskubideak dituen herri bat. Ezin dugu ahaztu bizitza libre eta baketsua beharrezkoa dugula. Eta hori guztia egiteko metodologia berriak planteatzen ditugu. Zintzotasunetik abiatuta, gardentasuna eta gertutasuna oinarri, herritarrekin egin nahi ditugu gauzak».
Sektore ekonomikoetan Aldunditik egin daitezkeen hobekuntzak eta eskubide guztiak bermatzeko proposamenak jasotzen ditu EH Bilduren gobernu-programak. Besteak beste, Aberastasun eta Fortuna Handien Zerga berreskuratzeko asmoa dute; 1.080 euroko pentsio minimoa lortzeko jubilatuekin eskuz esku lan egiteko; eta gizarte zerbitzuetako aurrekontua handitzeko.
Eredu ekonomikoa
Gipuzkoako eredu ekonomikoak aldaketa beharrezko duela uste du EH Bilduk; elikadura eta energia burujabetzan eta klima aldaketari aurre egiteko ahaleginean oinarritutako eredua, hain zuzen.
Adibidez, lehen sektorean, lur funtsa indartuko dute nekazaritzarako lurra babesteko asmoz eta gazteak erakartzeko programak bultzatuko dituzte.
Bigarren sektorean, Lanbide Heziketako zentro, Unibertsitate eta Ikerketa Zentroetan egiten den ikerketa enpresa txiki eta ertainetara eramateko programa abiatuko dute, besteak beste. Eta hirugarren sektorean, laguntzak emanen dituzte bertako saltokiak mantentzeko eta turismoa lurraldean zehar dibertsifikatuko dute.
Lurralde oreka, sektoreen artekoa eta kohesio soziala bilatuko dituzte. Bertze neurri batzuen artean, 40 milioi euroko diru partida sortuko dute eskualdeen esku uzteko.
Eskubideak eta ingurumena
Euskara ikasteko doakotasuna bermatuko dute; feminizatutako lan esparruak duintzeko lan egin, Aldundiaren mendekoetatik hasita; printzipio feministak aintzat hartuko dituzte funtzionatzeko moduan; aniztasun kulturalaren departamentua sortuko dute, eta jatorri ezberdinetako pertsonek jendarteari egiten dioten ekarpenari balioa aitortu.
Helburu orokorra mendi eta natur inguruneen funtzioak hobetu eta areagotzea da, eta 2020rako bioaniztasunaren galera etetea. Erraustegiari dagokione, sinatutako kontratu guztiak ongi aztertu eta dagoen informazio guztia herritarrei eman nahi diete, proiektuaren alde onak eta txarrak azalduz eta hondakinak tratatzeko bertze aukeren berri emanez. Eztabaida eraginkorrak sortu eta herritarrekin batera erabakitzeko konpromisoa agertu du Izagirrek.
Bizikidetza
Biktima guztien aitortzan, Errenteriako ereduari jarraituz, aurrerapausoak emateko asmoa du Gipuzkoa osoan EH Bilduk. «Preso guztiak etxeratzea eta senide eta lagunek oraindik ere jasaten duten egoera kezkagarri eta salagarriari irtenbidea ematea» ere beren eginkizunetako bat da.
Funtsean, «politika beste modu batean egitera» datozela adierazi du Izagirrek, gardentasuna, gertutasuna eta zintzotasuna oinarri hartuta.