NAIZ

Alizia Iribarren izanen da AEKren koordinatzaile berria

Nafarroako AEK-ko koordinatzaileak, Alizia Iribarrenek, ordezkatuko du Mertxe Mugika, aurtengo Batzar Nagusiak oniritzia eman ondoren. Mugikak 13 urteko ibilbide oparoa egin du AEKren koordinazio nagusian, eta, hemendik aurrera, beste zeregin batzuetan ariko da koordinakundearen barruan.

Alizia Iribarren AEKren Nafarroako koordinatzailea da. (AEK)
Alizia Iribarren AEKren Nafarroako koordinatzailea da. (AEK)

Alizia Iribarren izanen da AEKren koordinatzaile berria urritik aitzinera. Nafarroako AEK-ko koordinatzaileak ordezkatuko du Mertxe Mugika, aurtengo Batzar Nagusiak oniritzia eman ondoren. Mugikak 13 urteko ibilbide oparoa egin du AEKren koordinazio nagusian, eta, hemendik aurrera, beste zeregin batzuetan ariko da koordinakundearen barrenean.

Irailaren 3an, Gasteizen, biek hartuko dute parte 2019-2020 ikasturteko aurkezpen-agerraldian. Eta urriaren 1etik aurrera, Alizia Iribarren AEKren koordinazio nagusian hasiko da. Iruñean jaio zen Iribarren eta Baztanen bizi izan da. Tuterako AEKren arduradun izan da eta azken urteetan Nafarroako koordinatzaile nagusiaren postua bete du.

Ikasleen gorakada

Mertxe Mugika Balanzategik, heldu den irailaren 30a arte AEKren koordinatzaile nagusia izanen denak, «oso egoera interesgarria» ikusten du. Hasteko, AEKri erreparatuta, ikasleen gorakada izaten ari dira azken urteotan: «Herritar gehiagok jo du euskaltegietara, eta euskara praktikatzeko egitasmoetan ere antzekoa da egoera. Zer esanik ez normalizazio egitasmoetan edota aktibazio-ekimenetan. Gainera, hori guztia Euskal Herri osoan gertatzen ari zaigu».

Nabarmendu duenez, hori ez da berez etorri. «Batetik, administrazio nagusi guztiak ari dira indartzen euskararen aldeko politikak; baina, bestetik, ezin aipatu gabe utzi administrazioak mugitu direla herri gogoa dagoelako».

Mugikak agertu duenez, azken urteotan inoizko Korrika handienak eta indartsuenak bizi izan ditugu, eta hor dago Euskaraldia bera ere: «Hizkuntza ohituretan eragiteko inoizko ariketa handiena bultzatzeko aukera izan dugu».

Argi du oraindik aunitz dagoela irabazteko: «Esaterako, hizkuntza politikak, maiz, nahi baino motelago ikusten ditut. Era berean, aurrerapausoak eman badira ere, ez da aski baliabide erabiltzen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko. Eta baliabideez gain, belaunaldi berrien, administrazioaren eta lan munduaren euskalduntzea guztiz estrategikoa da: hor berandu baino lehen azkartu behar da lana. Azkenik, eta tamalez, hizkuntza-eskubideen bermeari dagokionez, oraindik ere ageriko gabeziak ikusten ditut».

Horri guztiari buelta emateko errezeta zein den garbi du: «Elkarlanean eragin behar da sistema osoan. Maialen Lujanbioren hitzak neure eginda, norbanakook egin, eragileok eragin eta administrazioek eginarazi behar dute. Hori da bidea, bestela ez dakit inoiz
ezagutuko dudan Euskal Herri euskalduna!».

Santiago zubiko argazkia

Mertxe Mugikak 13 urteko ibilbidea egin du AEKren koordinazio nagusian eta «oparoa eta aberasgarria» izan da berarentzat. «Uste dut nire aletxoa jarri dudala euskararen normalizazioan; asko sinesten dut elkarlanean, uste osoa daukat indarrak batu behar direla, bakoitza bere kabuz ibilita, bidea askoz ere luzeagoa eta neketsuagoa izango litzatekeelako».

Ibilbide honetan une asko bizi izan ditu, «batzuk oso onak, beste batzuk ez hainbeste», baina bat aukeratzerakoan, 20. Korrikako Santiago zubiko argazkia hautatuko luke: «Euskalgintza eta administrazio nagusiak zubia elkarrekin igarotzen. Euskararen lekukoa esku batetik bestera nola pasatzen zen ikustea, irudi hura, betiko geratuko zait iltzatuta buruan».