naiz

Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri «erangigarriak» eskatu ditu Kontseiluak Nafarroan

Kontseiluak dei egin die Nafarroan gobernua osatzeko negoziaketetan dauden alderdiei akordio programatikoan euskaldunen hizkuntza eskubideen bermerako neurri eragingarriak jaso ditzaten.

Kontseiluak, Iruñean egindako aurreko agerraldi bat. (Kontseilua)
Kontseiluak, Iruñean egindako aurreko agerraldi bat. (Kontseilua)

«Finean, egunotan Nafarroan onar dezaketen akordio programatikoak eragin zuzena izan dezake hurrengo lau urteotan garatuko den hizkuntza-politikan eta, beraz, herritarren eskubideetan. Hortaz, dei zuzena egin nahi diegu alderdiei» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Ohar baten bidez azpimarratu dutenez, akordio programatiko horrek erakutsiko du «lehengo garaietara ez iristea posible dela» Nafarroan.

Eta garai horietako euskalgintza ere ekarri dute gogora. «Euskalgintzak ere ez du hizkuntza-politikaren garai ilunetara itzuli. Geuk ere gobernu aurrerakoiaren alde egiten dugu, baina ulergaitza ez ezik, ulertezina ere litzateke gobernu aurrerakoi batek kohesioa, berdintasuna eta bizikidetza albo batean utziko balitu, nola eta euskaldunak alboratuz» adierazi du Bilbaok.

Kontseiluak, zentzu honetan, maiatzaren 11n Iruñean publiko egin zuela Nafarroako hizkuntza-politika garatzeko 15 proposamen izeneko dokumentua. «Hurrengo lau urteetan garatu beharreko hizkuntza-politikan abian jarri beharreko neurriak zehazteaz gain, legegintzaldi hasieran hizkuntza-politikaren garai ilunei jarraipena ematen dieten neurriak baliogabetzeko eskatu genuen. Hain zuzen ere, euskararen ezagutza beste hizkuntzen ezagutza baino gutxiago inoiz ez baloratzeko erabakia hartzea; irakaskuntzan zerrenda bakarra bermatzeko araudia abian jartzea; administrazioko langile elebidunen lege bidezko diskriminazioarekin arau bidez amaitzea eta D ereduari hizkuntza-programak ezin ezartzea», ekarri du gogora Kontseiluko eledunak.

Orain, Kontseiluak berretsi nahi izan du herritarren hizkuntza-eskubideak jokoan daudela, eta «arbuiagarria» litzatekeela hizkuntza-eskubideen bermean atzera egitea. «Eman diezaiotela gobernu aurrerakoiari ezaugarri hori, herritarren eskubideen aldeko neurri eragingarriak hartuko dituelako», gaineratu du Bilbaok.