Naiz
Donostia

Probintzia Auzitegiaren aldeko epaia gogoan izan dute Mondragon Korporazioaren Kongresuan

Eskuratu eta Ordaindu elkarteetako kideek Korporazioaren aurka sustatutako auzian Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko bost magistratuek aldeko «epaia aho batez» eman zutela gogoratu dute urteko Kongresuan. Organo korporatiboek egindako gestioa ere aurkeztu dute.

Kursaalean egin du urteko kongresua Mondragon Korporazioak.(Andoni CANELLADA / FOKU)
Kursaalean egin du urteko kongresua Mondragon Korporazioak.(Andoni CANELLADA / FOKU)

Urteko Kongresuaren hitzordura 650 konpromisariok zuten gonbita, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko, eta besteak beste, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu da –bai Batzorde Iraunkorraren aldetik, bai Kontseilu Orokarraren aldetik–.

Urtero bilakaeraren laburpena egin eta Mondragon Korporazioak gizarteari egiten dion ekarpena nabarmentzeaz gain, ordea, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak emandako aldeko epaia ere aipatu du Kongresuko lehendakari Javier Goienetxeak. «Eskuratu eta Ordaindu elkarteetako kideek Korporazioaren aurka sustatutako auzian epaia aho batez eman zuten Probintzia Auzitegiko bost magistratuek eta guztiz berresten ditu Mondragonek hasieratik defendatu dituen argudioak».

«Optimismo moderatua»

Gainontzeko diskurtsoei dagokionez, Kontseilu Orokorreko lehendakari Iñigo Ucinek hartu du hitza eta bere mezuan zehaztu du, urtearen bilakaerari begiratuta, «hazten jarraitzen» dutela eta «optimismo moderatu bat» mantentzen dutela ekitaldiari dagokionez, «baina oso adi begiratzen diogu eboluzioari, indarrean dagoen ziurgabetasun makroekonomiakoagatik eta geopolitikoagatik».

Era berean, aipatu du kooperatibek munduko eraldaketa testuingurua etengabe egokitu baharra dutela. Aldaketak gero eta abiadura biziagoan datozenez, «negozioak, produktuak, zerbitzuak eta antolamendua egokitu behar ditugu, eta gu geu ere egokitu behar gara». Kooperatiboagoak izanda lehiakorragoak izango garela ere nabarmendu du. Horren harira, elkarren arteko lankidetza aipatu du eta beharrezkoa iruditzen zaio «Mondragon barruan zein kanpoan jardutea helburu enpresarialarekin, baina baita helburu sozialekin ere.